Urteko bigarren hilabetean sartu gara, mozorroen garaian. Hilabete honen lehen hamabostaldiko herri bizitza horren bueltan egituratuko da. Izan ere, bitan aldatuko dugu ohiko itxuraz. Hasteko, etzi, otsailaren 4an, Agate Deunaren bezpera ospatuko da. Makilak eskuartean hartu eta lurrari deiadar egingo diote belaunaldi ezberdinetako herrikideek asteazkenerako antolaturiko kalejiretan.
Baserritar jantziak soinean, eguerdi partetik iluntzera girotuko dizkigute hitzorduok; ikastetxeek lehenik, eta iluntzean Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Kopletan ariko dira herrian barrena.
Ospakizun egun hau igaro arren, itxuraldatzeko aukera gehiago izango da hurrengo asteotan. Izan ere, otsailaren 13an eta 14an inauterietan barneratuko gara. Hilaren 13an, ostiralean, goizetik bazkalostera ikastetxeetako ikasleek azkenaldian ondutako ikuskizunak oholtzaratuko dituzte. Arratsaldean, azken urteotan errotzen ari diren tokiko inauteriei lekua egingo zaie, Urderen etorrera irudikatuko duen kalejira girotu eta antzeztuarekin.
Gogoan izan, herri nortasunari lotutako pertsonaia talde bat sortua dutela. Jantziak diseinatu eta hilaren 13an egingo den kalejira prestatzeko tailerra antolatu dute larunbaterako, otsailaren 7rako.
Biharamunean, hilaren 14an, munduko ospakizunen topaleku izango da Usurbil, txarangaren kalejirarekin eta gau parteko erromeriarekin girotua etorriko den 2026ko Inauteri Festaren bidez.
Ospakizun gehiago ere izango dira otsaileko lehen hamabostaldian; asteburu honetan bertan hain zuzen, Aitzaga Kultur Elkarteak barrikote girotua antolatu du otordu horrekin batera, argazki erakusketa gidatuarekin eta kontzertu gauarekin.
Musika eta bertsoak
Otsaileko bigarren hamabostaldian musika eta bertsoak gailenduko dira. Batetik, Eñaut Elorrietaren kontzertua antolatu dute otsailaren 22an Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean, "Ateosteko bira" izenekoaren baitan. Sarrerak jada eskuragarri dituzue.
Eremu berean, erromeria eta bertso-afaria ere antolatu dute hilaren 28an. Bertsoen hariari segita, bezperan, hilaren 27an, beste bertso-afari bat antolatu dute, kasu honetan, Zubietako Yoko-Garbi elkartean. Gipuzkoan abian den Herriarteko Txapelketan parte hartuko du Zubietak saio horren bidez. Lehiaketa une honetan lehen fasean da, eskualde barruko herrien arteko norgehiagoken tartean hain zuzen.
Tailerrak eta proiekzioak
Hitzordu horiez gain, negua ere liburutegian bizitzeko ekintza pare bat antolatu dituzte Sutegin otsailaren 20ko asteburuan; xake festa eta mikroipuin idazketa tailerra Idoia Torregarai Martijarekin. Tailer gehiago izango dira baita; DYAkoen eskutik, lehen sorospenei eta bihotz birien suspertzeari buruzkoak, edota Alkartasuna kooperatibakoen eskutik, "sagastien neguko kimaketa, gaixotasunak eta tratamenduak" izenekoa.
Sutegin bertan, baina beheko solairuan, auditorioan alegia, bitan piztuko dute pantaila handia; asteburu honetan bertan, gainera. Izan ere, ostiralean, hilaren 6an ETB-ren "Irabazi Arte" telesailaren bosgarren denboraldiko lehen atala estreinakoz ikusteko aukera izango da bitan. Hainbat eszena Usurbilen grabatu dituzte.
Bi egun geroago, hilaren 8an, Udalak eta Ziortzak negu parterako antolaturiko euskarazko zine zikloaren baitako hurrengo proiekzioa eskainiko dute; "Sari nagusia, ziztu bizian" izeneko filma.
Hileroko zenbait deialdi ere izango ditugu otsailean; azken asteburuan, Sareren mobilizazioa eta hilabete honi dagokion, kantu-jira.
Informazio gehiago...
Otsailak dakarrenari buruzko xehetasun gehiago, web orrialde honetako "Agenda" atalean duzue baita, hilero moduan, Usurbilgo Udalak etxez etxe banatutako kultur agendan. Agenda hori eta beharrezkoa denean, hitzorduetarako sarrerak eskuratzea beharrezkoa denean, txartelak usurbilkultura.eus plataforman