Martxoaren 19tik 29ra egingo den 24. Korrikarako prestaketa lanak aurrerabidean dira. Hilabeteotan aurkeztu dute, leloa, mezua, omendua, abestia, bideoklipa, ibilbidea... Ibilbide horretan lekukoa hartu nahi dutenek erreserbak egiteko epealdia zabalik dute jada. Martxoaren 25ean igaroko da euskararen aldeko lasterketa udalerri honetatik. Zubietako hipodromotik sartuko da 13:30ak pasatxoan eta ordubete inguru egingo du inguruotan, Aginagako Mapil inguruan oriotarrek lekukoa hartu arte.
Halere, geroz eta ohitura handiagoa dago, nork bere herrian Korrikarekin bat egiteaz gain, Euskal Herriko beste txoko batzuetan ere parte hartu eta lekukoa eramatekoa. Interesdunentzat, jada kilometroak eskuratzeko tartea zabalik dute antolatzaileek.
Errigorari gorazarre
Azken egunotan, bestalde, 24. edizioari lotutako nobedade gehiago izan dira. Gogoan izan, euskararen aldeko lasterketa erraldoia girotzen hasteko Korrika Batzordea osatu eta martxan jartzekoak zirela iragan ostiralean, urtarrilaren 30ean Etumeta AEK euskaltegian eginiko lehen bilerarekin. Biharamunean, aurtengo omendua izango denak, Errigora egitasmoak, merezitako gorazarrea jaso zuen Durangoko Plateruenan. "Korrikak aitortza egin gura izan dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari, egin duen eta egiten ari den lanarengatik, baita babesa adierazi eta aurrera jarraitzeko bultzada eragin ere".
Datorren Korrikan zehar, "Euskal Herri osoan Errigora omentzeko eta hauspotzeko" deia egin zuten.
Orburutxo eta Zainzuriñe
Nobedaderik ere izan zen; "Orburutxo eta Zainzuriñe Errigoraren panpinak" aurkeztu zituzten, Korrikak ibilbidean izango dituen bidelagunak, "Atharratzetik Bilbora, Euskal Herriko hamaika txokotan ikusiko ditugunak". Adi, AEK-tik iragarri dutenez, "bi lagun horiek non dauden identifikatzen dituztenek ―lasterketa bitartean, 24 orduko zuzenekoan eta/edo Korrika aplikazioan―- sorpresaren bat izango dute". Laster, xehetasun gehiago eskaintzekoak dira.
Materiala eskuragarri
24. Korrika gure artera martxoaren 25ean helduko den arren, jada AEK-ren ekimenarekin bat egiteko hainbat modu badira; tartean, soinean eramateko aukera izango da euskararen aldeko korrika. Izan ere, 24. edizioko materiala salgai dago eta zenbait bideetatik eskura daiteke. Hasteko, Usurbildik irten gabe, Etumeta AEK euskaltegian bertan eskuragarri duzue. Udazken partean, herrian antolatu diren azoketan postua jarri ostean, saltzeke geratu zaien materiala Kale Nagusiko egoitzan dute salgai. Hemen duzue, aipatu euskaltegiarekin hartuemanetan jartzeko bideen berri:
Nagusia, 43 (astelehenetik ostegunera 11:00-13:00 artean eta 17:30-20:00 artean. Ostiraletan, 11:00-13:00 artean)
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek
Online bidezko denda
Euskaltegiaz gain, Usurbildik gertuen Donostian izango duzue Korrikaren beste saltoki fisikoa, Alde Zaharreko Esterlines, 5 helbidean. Otsailean, ostegunetan (11:00-13:30 / 17:00-20:00), ostiraletan (17:00-20:00) eta larunbatetan (11:00-14:00/ 17:00-20:00) irekiko dute.
Horrez gain, online denda ere zabalik dute korrika.eus atarian, erosketok noiznahi egin ahal izateko. Webgune horretan, kamisetak, kirol jertseak, Errigorari Durangon urtarrilaren 31n egingo zaion omenaldirako sarrerak, giltzatakoak, botilak, motxilak, biserak, lepokoak, petoak, galtzerdiak,... eskuratu ahalko dituzue.
24. Korrika Usurbilen
Eguna: martxoak 25, asteazkena.
Ordutegia: 13:37-14:47.
Hasiera: Zubietako hipodromoko zubia (1784. kilometroa).
Amaiera: Aginagako Mapil ingurua (1.794 kilometroa).
Distantzia: 11 kilometro.
| Ordua | Helbide zehatza | Kilometroa |
| 13:37:35 | Hipodromo etorbidea zubia | 1.784 |
| 13:44:05 | Irigoien kalea 34 (Zubietako Lanbide Eskola ingurua) | 1.785 |
| 13:50:33 | Learritza ibilbidea 23 (Zubietako Etxetxo ingurua) | 1.786 |
| 13:57:03 | Amiri ingurua | 1.787 |
| 14:03:33 | Santueneako autobus geltokia | 1.788 |
| 14:10:46 | Belmonte kalea 1 | 1.789 |
| 14:17:12 | Borda Berri kalea 3 | 1.790 |
| 14:23:03 | N 634 5. kilometroa | 1.791 |
| 14:29:30 | N634 6-7 kilometroa | 1.792 |
| 14:36:39 | N634 7-8 kilomeroa | 1.793 |
| 14:41:43 | N634 7. kilometro amaiera | 1.794 |

24. Korrika
Iraupena: 2026ko martxoaren 19tik 29ra.
Aldarria: "Euskara gara".
Abiapuntua: Atharratzen, 2026ko martxoaren 19an.
Helmuga: Bilbon, 2026ko martxoaren 29an.
Mezua:
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.
Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.
Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.
Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.
Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…
Parte hartzeko bideak:
1-Herri batzordeetan parte hartuta.
2-Diru ekarpenak eginda:
-Korrika Laguntzaile izanda edota 24. Korrikaren materiala erosita.
-Korrikalarien peto edo bizkarrekoa erosita.
-Korrikaren kontu korronteotan diru ekarpenak eginda:
Hegoaldean: ES70 3035 0072 02 0720037810
Iparraldean: FR76 1333 5000 4008 9291 5827 532 (eurotan), 218371601 (euskotan).
-BIZUM edo txartel bidez "korrika" edo "aek" bilatuta, baita korrika.eus atariko "Nola parte hartu" atalean ere.
-Lekukoa eramanda senide edota lagunekin, elkartekideekin... dagokion ekarpena eginda.
3-Korrikaren berri eman eta haren ospea hedatuz:
-Korrika Kulturalaren ekitaldietan parte hartuta.
-Korrika.eus webgunea edota haren sare sozialetan parte hartuta.
4-Korrikan parte hartuta:
-Hasieran eta amaieran.
-Bizkarrekoa jantzita korrika eginez; "euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko".
5-Enpresa eta saltokiek:
-24. Korrika iragartzeko euskarriak babestuta.
-Korrikalaria eskuratuz zein Korrika Lagun izanez.
-Kilometroak eskuratuz. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete otsailaren 1etik aurrera.
Informazio gehiago:
korrika.eus
Antolatzailea: AEK.