EAJ-PNV: "Gure ekarpenek nabarmen hobetu dute Irisgarritasun Plana"

Erredakzioa 2026ko otsailaren 4a

EAJ-PNVk positiboki baloratu du Usurbilgo Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integrala (IUPI) onartzeko prozesua. "Jeltzaleek egindako ekarpenek plana nabarmen hobetu dute, bai edukiari dagokionez, bai lehentasunen ikuspegitik ere".

Lurralde Batzordean egindako lanketaren ondorioz, "Xabier Otxoa zinegotziak aurkeztutako hainbat proposamen planaren azken bertsioan txertatu dira, jarduketen zehaztasuna, lehentasunen berrantolaketa eta irisgarritasun-irizpide zorrotzagoak bermatuz", EAJk prentsa-ohar bidez aditzera eman duenez. "Besteak beste, Etxealdia auzoko jarduketaren definizioa zehaztu da, Osasun Zentroko oinezkoen ibilbidean malda murrizteko irtenbide eraginkorragoa jaso da, Txikierdi auzoko eta San Inazio–Puntapax inguruko esku-hartzeak birdefinitu dira eta Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduen irisgarritasun baldintzak hobetzeko urtero 20.000 eurokok dirulaguntzak jaso dira EAJ-PNVren ekarpenei esker".

 

Udaletxea eta Barrenkale arteko loturaz

Hala ere, EAJ-PNVk lortutako aurrerapausorik esanguratsuena Udaletxea eta Barrenkale arteko lotura hobetzeko jarduketa 2027. urtera aurreratzea izan dela dio. "Jarduketa hori da plan berriak jasotzen duen neurri estrategiko eta eragin handienetakoa, herriguneko erdigunean kokatua dagoelako eta herritar askori zuzeneko onura ekarriko dielako. Hasierako aurreikuspenetan, EH Bilduk ez zuen jarduketa hau epe laburrean gauzatzeko asmorik jaso, eta EAJ-PNVk egindako presio eta proposamenari esker lortu da 350.000 euroko inbertsioa 2027an exekutatzeko konpromezua jasotzea".

 

"Planaren tramitazioa ez da egokia izan"

Xabier Otxoaren ustez “horrek argi erakusten du gure ekarpenek planaren anbizioa eta errealismoa handitu dutela. Hala eta guztiz ere,  prozedurarekin eta formekin ez dago batere konforme alderdi jeltzalea. "Planaren tramitazioa ez da egokia izan: dokumentazioa berandu iritsi da, ez da behar bezala landu dagokion batzordean, eta osoko bilkurara presaka ekarri da, dirulaguntza bat galdu daitekeenaren aitzakian. Lan egiteko modu hau ez dator bat eztabaida politiko serioarekin eta udal prozedura arruntek eskatzen duten errespetuarekin”.

Kontuak kontu, Usurbilgo EAJ-PNVk erantzukizunez jokatu duela dio, plana ez blokeatzea erabakita, edukian sinesten duelako eta egindako ekarpen nagusiak jasota geratu direlako. Baina era berean, bozeramaileak gobernu-taldeari eskatu dio “etorkizunean Udalaren denborak, organoak eta prozedura egokiak errespetatzeko, horrela bakarrik bermatuko baita erabaki sendoak, partekatuak eta herritarren interes orokorrari benetan erantzungo diotenak hartzea”.