Arantzazura oinez joateko usadioa berrituko dute udaberri honetan ere

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 3a

Apirilaren 2rako antolatu dute, Usurbildik Arantzazura oinez joateko txangoa.

Hamarkada luzez bizirik mantentzea lortu duten ohitura da Usurbildik Arantzazura oinez joatekoa alegia. Aurten ere ibilaldi hau egitekoak dira, ohi bezala, udaberriko oporretan, apirilaren 2an. Ordu aldaketa bat izango du datorren edizioak. Izan ere, beti egin izan ohi duten moduan, goizaldeko 5:00etan abiatu beharrean 4:00etan abiatzeko hitzordua jarri dute, helmugara garaiz iritsi ahal izateko.

63 kilometro luze dituen bidea osatzeko (2.700 metroko desnibela) prestatzen hasteko deia egin dute antolakuntzatik. Aipatu moduan, apirilaren 2rako finkatu dute irteera. Gogoan izan, goizaldeko 3:45 aldera bilduko dira frontoi atzean, 4:00etarako prestatu eta ibilaldiari ekiteko. Tarte horretan, egunaren amaieran Arantzazutik itzultzeko autobusean aldatzeko arropa uzten da. Ibilbidean zehar, zenbait geldialdi egiten dituzte; hala nola, Mandubian hamaiketakoa, Zumarraga parean arropa aldatzeko aukera, Legazpian bazkaltzeko geratzen dira eta Arantzazura helduta askari baten bueltan borobiltzen dute eguna. Antolakuntzatik aurtengoan ere helarazi duten ohar garrantzitsua; parte hartzaileak federatuak izateak duen garrantzia, edozer gertatuta ere deitzaileak ez baitira horren erantzule egingo. Informazio gehiago jaso edota izena eman nahi duenak deitu dezala 662 039 829 telefono zenbakira.

Lau hamarkadatik gora
Hamarkada luzeetako usadio zaharrari eutsi dio belaunaldi artekotasuna ere sustatu duen hitzordu honek. Duela lau hamarkada inguru "3 lagun hasi ziren ibilbide hau egiten” antolatzaileen esanetan. Gero, pixkanaka jende gehiago batu zen. Usurbildarrak, eta baita inguruko herrietako mendizale gehiago ere; Donostia, Amasa, Zizurkil edota Tolosa aldekoak. “Berrogeitik gora lagun joatera heldu ginen”, diote. Bidean beraz, jende berria ezagutzeko aukera izan dute.