Bi inauteri egun izango ditugu hurrengo astean udalerri honetan. Lehenengoan, otsailaren 13koan, ikastetxeen eskutik murgilduko gara mozorro koloretsuen festan. Zenbait jaialdi antolatu dituzte. Aginagako eskolakoak euskal inauterien bueltako jaialdia prestatzen ari dira.
Aurreko urteen ildotik, bestalde, Udarregi ikastolak zikloka egituratu ditu bere ospakizunak. HH-koak izango dira plazaratzen goiztiarrenak, zaku mozorroak jantzita. Hiri tribuez mozorrotuko dira DBH-koak eta LH-koek "Arrastaluren irudiak askatasunean" gaia hizpide hartuta oholtzaratuko dute haien ikuskizuna. Usurbilgo sortzaile Carlos Zabalaren Askatasuna plazako irudiak aitzakia gisa hartuta eskainiko dute kiroldegiko emanaldia. Aurretik, bi ziklootako ikasleek desfilatuz zeharkatuko dituzte herri erdiguneko kaleak.
Inauteriak ikastetxeetan
Otsailak 13, ostirala
Aginagako eskola
15:00ak aldera, Eskolakoen ospakizuna. "Aurten euskal inauterien gaia jorratuko dugu eta eguraldi onak laguntzen badigu, kalean ospatuko ditugu!".
Antolatzailea: Aginagako eskola.
Udarregi ikastola
10:30 HHko ikasleek Mikel Laboa Plazan, "zaku mozorroak jantzita, urteroko dantzak egingo dituzte: Makilakixki, Orpo Punta, Mielotxin eta Ziripot eta Axuri Beltza.
11:00 LHko eta DBHko ikasleen "martxa" mozorrotuta, herri erdigunean barrena.
11:45 DBHko ikasleen emanaldia Oiardo kiroldegian. "Hiri tribuez jantziko dira, hala nola, skater, pijo, emo eta antzeko estiloak irudikatuz, gaur egungo gazte-kulturaren aniztasuna erakusteko ikuskizuna aurkeztuko digute".
15:30 LHko ikasleen emanaldia Oiardo kiroldegian. Gaia: "Arrastaluren irudiak askatasunean". "Carlos Zabala "Arrastalu" artista sortzailearen Askatasuna plazako irudiak Inauteri festara gehituko dira. Udarregitik 6 pareta hartu dituzte, maila bakoitzari berea izendatu eta irudiei bizitza emanez, dantzarako prest izango dituzte datorren ostiralerako. Sei pareta horien irudiak ikusiz, izendapen hauek bururatu zaizkie Udarregikoei: Baserri Giroa, Oilasko Biltzea, Herriko eta Herritarren Bitxikeriak, Herriko Pertsonaiak eta..., Herri Aniztasuna eta Kirolariak".
Antolatzailea: Udarregi ikastola.