Ver esta publicación en Instagram
Badator Urde!!! Bidean datorkigu. Dagoeneko Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako buruhandiekin elkartu da Kalezarko plazan, sare sozialen bidez zabaldutako ondoko bideoan ikus dezakezuen moduan. Guztion zain da jada.
Otsailaren 13an, Usurbilgo herri inauterietan haiekin bat egiteko aukera izango dugu, plaza horretatik, Kalezarko erdigunetik hain zuzen. Iaz bezala, aurtengoan ere Urderen etorrera ospatzeko herri kalejira berezia antolatzen ari dira hainbat herri eragile, honako hauek hain zuzen: Orbeldi Dantza Taldea, Gaztelekua, Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Ziortza Gazte Elkartea, Txirikorda, Belmonte auzo elkartea, Usurbilgo Joaldunak, Zumarte Musika Eskola, Arrobitxulo, NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.
Usurbilgo herriari hitzorduarekin bat egiteko gonbita egin diote. Izan ere, Kalezarko plazan hasi eta Mikel laboa plazan amaituko den kalejirak Kalezar, Ugartondo, Aranerreka eta herri erdigunea zeharkatuko ditu. Bidean, hainbat geltoki izango dira eta geltokietan ezusteko bat baino gehiago!
Prestaketen tailerra
Girotzen hasteko, adi; tokiko mozorro festa prestatzeko hain zuzen, hitzordu berezia antolatu dute larunbaterako, otsailaren 7rako, Orbeldi Dantza Taldeak Oiardo kiroldegian duen aretoan. Izan ere, tailer berezia iragarri dute; batetik, kalejira horretarako jantziak ondu ahalko dira. "Bakoitzak bere oinarria ekarri (zakua eta lastozko txapela) eta gehigarriak eta apaingarriak bertan izango dira", jakinarazi dute deitzaileek. Bestalde, kalejirako dantza entseatzeko aukera ere izango da. Ekitaldia, herri inauteriek antolatzen lagundu nahiz parte hartu nahi duten orori zuzendurikoa izango da.
Usurbilgo herri inauteriak
Otsailak 7, larunbata
10:30 Usurbilgo herri inauteriak prestatzeko jantzien tailerra eta entsegu irekia, Orbeldi Dantza Taldeak Oiardo kiroldegian duen aretoan.
Otsailak 13, ostirala
Urderen etorrera!
18:00 Herri kalejira Kalezarko plazatik abiatuta. Ibilbidea: Pelaioenea, Egurtzegi, Txirikorda, Errekatxiki, Olanonea, Mikel Laboa Plaza. Mozorrotu Usurbilgo Inauterietako pertsonaiez (Angularia, Harraparia, Lamia eta Zakua) eta etor zaitez gurekin Urderen inauterietako izpirituaren bila! Apaindu zuen balkoiak zapiekin".
Antolatzaileak: herriko hainbat eragile elkarlanean.
