Agate Deunaren Bezpera hau ospatzen lehenak eta otsailaren 4an entzungai izaten ditugun makila hotsez eta kolplez herria girotzen goiztiarrenak izan dira irudiotako Udarregi ikastolako DBH-ko ikasleak eta irakasleak. Eguerdi partean irten dira ikastolatik herrira.
Asteazkenetako klase eguna jarraian izaten dute. 14:30etan amaitzen dutenez, gaurko azken txanpa, urteroko ohitura berritzeko baliatu dute.
Ikastolatik Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune Egurtzegira abiatu dira. Han eskaini dute lehen saioa. Zaintza zerbitzuak eskaintzen diren eremutik eremura ibili dira. Izan ere, gero, Artzabal atarira jaitsi dira. Handik, azken geltokietara joan dira gero; Sagardo eta Mikel Laboa plazetara.
Eremuotan guztiotan, erritmo berean koordinaturiko makila hotsekin lurra dardarazi dute eta gogotik aritu dira egun honetako kanta eta kopla ezagunak abesten.
Gaurko emanaldiaren ostean, laster ikusiko ditugu berriz ere herriko kaleetan biran. Izan ere, otsailaren 13an ospatuko dute ate joka ditugun inauterien jaialdia:
Inauteriak
Otsailak 13, ostirala
Udarregi ikastola
10:30 HHko ikasleek Mikel Laboa Plazan, "zaku mozorroak jantzita, urteroko dantzak egingo dituzte: Makilakixki, Orpo Punta, Mielotxin eta Ziripot eta Axuri Beltza.
11:00 LHko eta DBHko ikasleen "martxa" mozorrotuta, herri erdigunean barrena.
11:45 DBHko ikasleen emanaldia Oiardo kiroldegian. "Hiri tribuez jantziko dira, hala nola, skater, pijo, emo eta antzeko estiloak irudikatuz, gaur egungo gazte-kulturaren aniztasuna erakusteko ikuskizuna aurkeztuko digute".
15:30 LHko ikasleen emanaldia Oiardo kiroldegian. Gaia: "Arrastaluren irudiak askatasunean". "Carlos Zabala "Arrastalu" artista sortzailearen Askatasuna plazako irudiak Inauteri festara gehituko dira. Udarregitik 6 pareta hartu dituzte, maila bakoitzari berea izendatu eta irudiei bizitza emanez, dantzarako prest izango dituzte datorren ostiralerako. Sei pareta horien irudiak ikusiz, izendapen hauek bururatu zaizkie Udarregikoei: Baserri Giroa, Oilasko Biltzea, Herriko eta Herritarren Bitxikeriak, Herriko Pertsonaiak eta..., Herri Aniztasuna eta Kirolariak".
Antolatzailea: Udarregi ikastola.