Ezohiko asteazken arratsaldea bizi izan dute Udarregi ikastolako LH-ko nahiz HH-ko zikloetako haur eta gaztetxoek. Eguneroko dinamika eten dute, usadio zahar bat berritzeko. Izan ere, otsailak 4 ditu gaur, Agate Deunaren bezpera ospatzeko eguna.
Hala egin dute, ikastolako ikasleek eta irakasleok. Jaione Eskuderoren gidaritzapean, arratsaldeko 15:00ak aldera abiatu dira Agerialde paretik Atxegalden barrena. Auzoan bertan, udaletxe atarian, Askatasuna edota Sagardo plazetan aritu dira kantuan eta koplatan. Hainbat aldarri eta eskaera bildutako koplak gogoki kantatu dituzte. Eta zer esanik ez, makilarekin gogor egin diote lurrari deiadar, lozorrotik esnatzen hasi dadin.
Herri erdigunea inguratu ostean, frontoian amaitu dute bira. Han elkartu dira txikienekin, HH-koekin. Amaiera bateratua eman diote ospakizunari, haien senide eta lagunek harmailak goraino betetako frontoian.
Laster itzuliko dira berriz plazara. Otsailaren 13an inauterietako jaialdian murgilduko dira:
Inauteriak
Otsailak 13, ostirala
Udarregi ikastola
10:30 HHko ikasleek Mikel Laboa Plazan, "zaku mozorroak jantzita, urteroko dantzak egingo dituzte: Makilakixki, Orpo Punta, Mielotxin eta Ziripot eta Axuri Beltza.
11:00 LHko eta DBHko ikasleen "martxa" mozorrotuta, herri erdigunean barrena.
11:45 DBHko ikasleen emanaldia Oiardo kiroldegian. "Hiri tribuez jantziko dira, hala nola, skater, pijo, emo eta antzeko estiloak irudikatuz, gaur egungo gazte-kulturaren aniztasuna erakusteko ikuskizuna aurkeztuko digute".
15:30 LHko ikasleen emanaldia Oiardo kiroldegian. Gaia: "Arrastaluren irudiak askatasunean". "Carlos Zabala "Arrastalu" artista sortzailearen Askatasuna plazako irudiak Inauteri festara gehituko dira. Udarregitik 6 pareta hartu dituzte, maila bakoitzari berea izendatu eta irudiei bizitza emanez, dantzarako prest izango dituzte datorren ostiralerako. Sei pareta horien irudiak ikusiz, izendapen hauek bururatu zaizkie Udarregikoei: Baserri Giroa, Oilasko Biltzea, Herriko eta Herritarren Bitxikeriak, Herriko Pertsonaiak eta..., Herri Aniztasuna eta Kirolariak".
Antolatzailea: Udarregi ikastola.