Usurbilgo jaiak

Bost jaiegun izango dituzte aurtengo herriko festek

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 5a

Usurbilgo jai batzordeak estreinakoz, asteazken honetan, otsailaren 4an eginiko bilkuran erabaki du noiz hasi eta noiz amaituko diren 2026ko festak.

Lurra deiadarka esnatzeko eguna izan genuen atzokoa, ikastetxeek nahiz herri eragileek antolaturiko kantuez eta koplez giroturiko kalejirekin. Ospakizunon artean, uda parteko jaien prestakuntza lanei ekin zien jai batzordeak, Potxoenean eginiko lehenengo bilkuran.

Usurbilgo 2026ko festak antolatzeko lanei ekin zieten. Lehen zereginetakoa, jaien iraupena zehaztea izan zen; hau da, udalerri hau ospakizun giroan barneratuko duen zikloa noiz hasi eta noiz bukatuko den finkatzea. Beti, jaiegun nagusia izan ohi den uztailaren 2aren bueltan ospatu ohi dituzte herriko festak.

Uztailaren 1etik 5era
2026ko edizioan, egun horren aurretik festak noiz hasi eta noiz amaitu, erabaki du jai batzordeak. Aurtengoak uztailaren 1etik 5era izango dira, asteazkenarekin hasi eta igandearekin amaituko dira. Honenbestez, bost festa egun izango ditugu, iaz baino bat gutxiago. Festak abiatu eta biharamunean, uztailaren 2a, udalerri mailako jaieguna izango da. Hala izendatua zuen udalbatzak urtero moduan, iazko udaberrian eginiko osoko bilkuretako batean.

Festen jaiegunak finkatu eta horien iraupena zehaztearekin batera, erabaki gehiago ere hartu zituen jai batzordeak Potxoeneako atzoko bileran; hala nola, festetako egitaraua osatzeko lanetan aurrerapauso nabarmena eman zuten. Izan ere, ekitaldi gehienak egunez egun kokatzera heldu ziren.

Bilera irekiak
Herri eragile ezberdinetako ordezkariak edota norbanakoak bildutako lehen saioa izan da asteazken honetakoa, otsailaren 4koa. Hurrengo bileraren hitzordua ere finkatua dute. Usurbilgo jai batzordea, otsailaren 25ean bilduko da berriz, arratsaldeko 17:00etan Potxoenean. Atzokoa bezalaxe, hurrengo saioa ere irekia izango da eragileentzat nahiz norbanakoentzat.

Gogoan izan, jai batzordean hartzen dira herriko festei lotutako erabaki guztiak; hala nola, txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak nahiz egitarauaren diseinua aukeratzeko lehiaketak antolatzen ditu.