Bezperan udalbatzak hartutakoa, "Usurbil herri zaintzaileagoa izateko egiten ari garen" urteotako lanketaren baitako erabaki garrantzitsutzat jo zuen Usurbilgo EHBilduren gobernu taldeak, urtarrilaren 30ean Zumarte Musika Eskolako ganbaran eginiko agerraldian. "Proiektu horrek eskatzen digu zaintzari dimentsio guztietatik erreparatzea. Eskatzen digu generoa eta irisgarritasuna, bi ardatz transbertsal izatea gure udal politiketan", nabarmendu zuten Agurtzane Solaberrieta alkateak eta Ainhoa Arrozpide eta Iratxe Begiristain zinegotziek, bezperan udalbatzaren osoko bilkuran adierazi moduan, "Usurbil denona eta denontzako herria izango bada". Norabide horretan kokatu zuten udalbatzaren hilaren 29ko aho bateko onespena.
Udal irisgarria
Aurretik onartu ziren gisa honetako plangintzekin alderatuta, honako honek dakarren ezberdintasun nagusiari azpimarra egin nahi izan zioten; EAEko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategiak eskatu moduan, "irisgarritasuna modu integral batean ulertzeko begirada" txertatzea plangintza berri honetan. "Aldaketa esanguratsua da" gobernu taldearen esanetan, "orain arteko irisgarritasun planek, batez ere, eraikitako esparruan eragin nahi zutelako, esparru hori baldintza irisgarriagoetan kokatzeko. Baina orain, esparru horri beste jarduera eremu bat gehitzen zaio, "udal irisgarria" bezala izendatu dugun esparrua. Horrek ekartzen du udal jarduna, izapideak eta bere komunikazioa ere irisgarritasun baldintza hauetara egokitu beharko ditugula pixkanaka".
Eusko Jaurlaritzaren 12.750 euroko dirulaguntza jaso du Udalak plagintza honen lanketarako. Horrek ahalbidetu die Projekta Urbes kontratatzea bere lanketarako. Horretarako, udal barruan, teknikarien nahiz ordezkari politikoen lantaldea osatu dute eta herritarrekin, tartean adinekoekin ere zenbait saio egin ditu Udalak, hobetu beharrekoak identifikatu eta ekarpenok plangintza horretan jasotzeko. Horrekin batera, udalbatzaren osoko bilkuran adostasun maila handienarekin onartzeko oposizioaren ekarpenak biltzeko eginiko ahalegina nabarmendu du gobernu taldeak.
"Plan mardula"
Prozesu horretatik osatu dituzte bost dokumentu: plan honen zergatiak biltzen dituen memoria, udalerri irisgarriagoa izateko jarduketarako plana, gaur egungo arau, irizpide eta gomendioak, eta parte hartze saioen memoria. "Beraz, plan mardula", gobernu taldetik aditzera eman bezalaxe. Prozesua dinamizatzen egon eta bide horretan, Projekta Urbes taldeak eginiko lanketa eskertu du EHBilduk.
Hilabetez jendaurrean jarriko dute alegazioetarako. Halakorik ez balego, behin betiko onartutzat joko du Udalak eta usurbil.eus atarian jarriko dute ikusgai, plangintza bera gauzatzen hastearekin batera. Lau urterako, hau da 2026-29 urte tarterako indarraldia izango du, nahiz 2030etik aurrera bidera daitezkeen asmoak ere erregistratuak utzi. Hain zuzen, izaera eta aurrekontu ezberdinetako neurriak proposatu dituzte; tartean, badira, aurrekontu txikia duten eskuhartzeak nahiz inbertsio handiagoa eskatuko dutenak ere, "batez ere eraikia dagoen eremuetan eragitea eskatzen duten" proiektuak.
Neurri egingarriak
EAEko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategiarekin bat eginez, "neurri zehatzak eta egingarriak" dira plangintza hau osatu dutenak. Izan ere, plangintza gauzagarria idatzi nahi zuten, "Usurbilgo Udalak eta herriak dituen baliabide humano eta ekonomikoetara" doitutakoa, "ez egiteke dagoen guztiaren zerrenda hutsa".
Proposaturiko neurri bakoitzak "bere fitxa zehatza du", azpimarratu zuten udal gobernu taldeak. Izan ere, bide-orri gisa definituriko "plan honetan jasotzen duguna da, urtez urte zer egin nahi dugun. Finkatzen dugu ere, urte bakoitzari begirako aurrekontua, zer aurrekontu beharko genukeen, noren ardura den ere hau aurrera eramatea, zer departamenduen gain geratzen den eta, beraz, eta noiz ere egin nahi den. Bide-orri bat, kronograma argi batekin, non zehaztuak dauden ere zeinena den hau aurrera eramatearen ardura". Ekintzen fitxa bakoitzak xehetasun horiek guztiak biltzen ditu. Laburbilduz, besteak beste, "kronograma, ze urteetan eta zer egingo litzatekeen, bere partida ekonomikoarekin, arduraduna, eskuhartze horri buruzko lekuak, kokapena eta proiektu bat egina badago, planoak, proiektuen berri" ere ematen dute.
Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integrala
Epealdia
2026-29.
Ardatzak
Hiri ingurunea, garraioa, eraikin publikoak eta espazio eta jarduera pribatuak.
Ekintza zehatzak
29.
Ekintza nagusiak
• Santuenean: aurrez landutako auzo planean oinarrituta, urbanizazioa berroneratzeko neurriak bi faseetan. Lehenengoan, erdiguneko eremua maila berean jartzea eta bigarrenean, eskubaloi pistaren behealdeko errepidea egokitzea. Ibai alderantz oinezkoen ibilbidea sortu, trafikoa moteltzeko neurriak hartu eta aparkaleku kopurua handitu nahi dute.
• Etxealdian: urteotako eskuhartzeekin segi nahi du Udalak. Amaitzear dituzte San Esteban kalearen irisgarritasuna hobetzeko lanak eta auzoa Kale Nagusiarekin lotuko duen igogailua. Aurrera begira, auzo behealdeko berdegunea bizilekuetara gerturatu eta aparkalekuak berrantolatzea aurreikusten du.
• Udaletxea-Barrenkale eta anbulatorioa: oinezkoen ibilbidea eta sarbideak hobetzeko neurriak proposatzen dira.
Ekintza iraunkorrak
• San Inazioko, Alperroburu eta Belmonte kaleetako aldapentzat neurri aringarriak, atsedenleku edota eskubandekin.
• Eskuhartzeak eskailera edota arrapaletan.
• Zebra-bideen mapa jasoa du planak bakoitzak duen egoerarekin, hobetzen joateko.
• Irisgarritasunaren ikuspegia txertatzen joatea hondakinen kudeaketan, bilketa guneak irisgarriagoak egiteko.
• Bestelako neurriak: Txikierdi auzoan oinezkoentzako ibilbidea egokitzea, kiroldegi aurreko espazioa moldatzea, irisgarritasuna hobetzea hiri-altzarietan eta hilerrian...
Udal irisgarria
• Sei ardatz: formakuntza eta kontzientziazioa; informazioa, komunikazioa eta gobernantza eredua; arreta eta izapideak; aisialdia, ongizatea eta garapena; arau esparrua eta Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integralaren komunikazioa eta kudeaketa.
• Ekintza kopurua: hamazazpi.
• Ekintza nagusiak: udal langileei formazioa eskaintzea, irisgarritasunaren begirada integrala txertatzeko langileon eguneroko jardunean; festak eta ikuskizun jendetsuak irisgarriagoak eta inklusiboagoak egiteko neurriak urteotan.
• Hartu asmo dauden bestelako neurriak: seinaleztapen irisgarria diseinatzea, eraikin publikoetan sarbideen errotulazioa jartzea, udalak herritarrei arreta irisgarriagoa emateko edota ordenantzetan irisgarritasun irizpideak txertatzea eta larrialdi planak eta ebakuazioko protokoloak irisgarritasun irizpideak txertatuz berrikustea.
Tramitazioa
• 2026/01/29: udalbatzak hasierako onespena eman zion aho batez osoko bilkuran.
• Laster: hilabeteko epealdia izango da jendaurrean, alegazioetarako. Tarte horretan halakorik ez balego, behin betiko onartutzat jo, indarrean sartu eta gauzatzen hasiko da Udala. Plangintza osoa usurbil.eus atarian izango da ikusgai.