Udalbatzaren osoko bilkura

Alkateen Itun Berria, "Europa bidezkoago eta klimatikoki neutralago bat lortzeko"

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 5a

Urtarrilaren 29ko osoko bilkuran, aho batez berretsi zuen baita udalbatzak, "Europa bidezkoago eta klimatikoki neutralago bat lortzeko ekintza areagotzeko, "Alkateen Itun Berria".

 Izatez, "energia-politikarako konpromezuak jasotzen dituen" itun hau, 2011ko azaroan onartu zuen orduko udalbatzak, "Europa Batasunaren energia-politikaren helburuetatik haratago joateko asmoz". Bi urte geroago, 2013ko uztailean, "Usurbilgo Energia Jasangarrirako Ekintza Plana (EJEP) onartu zuen" udal organo berak. Plangintza horretan, lan-ildo hauek definitu ziren; "efizientzia energetikoa, energia berriztagarriak, mugikortasuna, hondakinak, ura eta inguru naturala". 2020an, Udaletik adierazi dutenez, Alkateen Itunak helburu eta konpromiso berriok ezarri zituen: 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzea, tokiko erresilientzia indartzea klima-aldaketaren ondorioen aurrean edota pobrezia energetikoari aurre egitea. Honenbestez, itun berritua onartu eta plangintza eguneratzea eskatu zaio udalbatzari. Aipatu moduan, aho batez berretsi zuten aipatu Alkateen Itun Berria. 

Lehenagotik bezala, ordutik gaur arte, Udalak "misioen baitako gobernantza eredu batetarantz" lau misio definitu zituen 2024an eta horietako bat hain zuzen, trantsizio ekosozialari lotutakoa izan zen. Parte hartze prozesu bidez definitutako misio hori gauzatzeko hainbat helburu ere finkatu zituzten, 2030. urterako "Usurbil klimatikoki neutroa izango den herria" izateko. Horretarako, "balioen eraldaketan, mugikortasun eredu jasangarrian, baliabide naturalen zaintzan eta bertako kontsumo eredu arduratsuan oinarrituko den trantsizio justua" garatzea adostu zen, 2030erako helburuok finkatuta: hiri hondakinak %10 gutxitzea, energia kontsumoa %40 gutxitu eta ehuneko berean haztea energia berriztagarrien kontsumoa, kotxerik ez erabiltzea 10 minututan oinez edo bizikletaz mugitu daitekeenean, autoaren erabileraren ondoriozko isurketak gutxitzea edota tokiko merkataritzan eros daitekeenaren %60a herrian bertan erostea. 

Iragan asteko osoko bilkuran udal gobernu taldetik gogorarazi moduan, alor honetako hainbat ekintza gauzatu dituzte urteotan; besteak beste, argiteria publikoa Led teknologiara aldatzea, energia berriztagarrien sorkuntza handitzea, mugikortasun eredu ezberdinak sustatzea, %85etik gorako hondakinen gaikako bilketa izatea, herriko ur hornidura sistemaren aldeko neurriak landu edota ibaiertzeko espazioak berreskuratzea. "Trantsizio Energetiko eta Aldaketa Klimatikoaren EAE-ko Legearen arabera, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek Klima eta Energia Plana gauzatu behar dute" orain eta udal gobernu taldetik jakinarazi dutenez, "ez dute hutsetik hasi beharko", urteotan bideraturiko lanketari esker.