Udalbatzaren osoko bilkura

Autokarabanen aparkalekuak erregularizatzeko eskaera

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 5a

EAJ-k autokarabanen aparkalekuak erregularizatzeko gaiari lotuta aurkezturiko mozioa izan zuen udalbatzak urtarrilaren 29ko osoko bilkurako mintzagaien artean.

"Autokarabanen aparkalekuak erregularizatzeari buruzko mozioa" aurkeztu zuen EAJ-k urtarrilaren 29ko udalbatzaren osoko bilkuran. Ibilgailuon erabilera handitu da, horrek "elkarbizitza erronka planteatzen du, espazio publikoaren erabilerari eta ingurumen-kudeaketa egokiari lotutakoa, eta honek udal mailako erantzun orekatu bat eskatzen du" jeltzaleen esanetan.

Usurbilen, bereziki, errealitate hau "Olarriondo inguruan agerian geratzen ari da, baina lehenago ere pairatu dute Errekatxikin, Ariztitxoko aparkalekuetan edo Alperroburu aldean, ikastolaren ondoan". Udalaren eskumena izanik, fenomeno honi erantzutea galdegin zion mozio bidez EAJ-k, zenbait eskaerekin; autokarabanentzako aparkaleku arautu bat edo gehiago egokitzea baloratzeko azterketa teknikoa egitea, seinalizazio egokia sustatu eta beharrezko informazio-ekintzak bideratzea edota udaltzaingoaren koordinazioa indartzea araudia egoki betetzea bermatzeko.

Azkenik, egungo ordenantza egokitu edo espefiziko bat idaztea ere galdegiten du mozioak irizpideokin; aparkatzeko denbora tartea mugatzea, arau-hausteak eta zigorrak zehaztea edota hartutako neurrien segurtasun juridikoa bermatzea. Udal gobernu taldetik erantzun zitzaien esanez, gai horri buruzko kexarik ez dutela erregistratu, nahiz horrek ez duen esan nahi "gaia landu behar ez denik". Izan ere, "azterketa hori egiten ari gara", jakinarazi zuten EHBildutik. Mozioaren aldeko botoa eman zuten EAJ-k eta PSE-k. EHBildu abstenitu zen.

Usurbilen autokarabanen aparkalekuak erregularizatzeari buruzko mozioa
Azken urteetan nabarmen handitu da autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen erabilera, mugikortasun-eredu eta turismo ibiltari gisa. Fenomeno honek, Usurbil inguruko eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetan ere gertatzen denak, elkarbizitza erronka planteatzen du, espazio publikoaren erabilerari eta ingurumen-kudeaketa egokiari lotutakoa, eta honek udal mailako erantzun orekatu bat eskatzen du.

Gaur, arazoa bereziki Olarriondo inguruan agerian geratzen ari da, baina lehenago ere pairatu dute Errekatxikin, Ariztitxoko aparkalekuetan edo Alperroburu aldean, ikastolaren ondoan.

Hiri-bideetako ibilgailuen aparkalekua udalaren eskumena da. Berriki, 2025eko urtarrilean onartu zen Hiritar izaerako herri-bideen erabilera eta horietako trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautzen dituen Udal-Ordenantza.

Baina erregulazio argirik ezean, gatazka errepikakorrak sortzen dira: denbora luzez irauten duten aparkaldiak, espazio publikoaren okupazio desegokiak, hondakinen edo isurien arazoak eta udaltzaingoaren jardunerako zailtasunak. Horrek guztiak araudi argi batetan oinarritutako antolaketa proaktibo baten beharra adierazten du.

Gipuzkoako hainbat udalerrik aurrerapausoak eman dituzte ildo horretan, ordenantza espezifikoak onartuz, gune arautuak prestatuz eta denbora-mugak ezarriz; bizilagunen arteko bizikidetza, txandakatzea-errotazioa, ingurunearekiko errespetua eta segurtasun juridikoa lehenesten dituen eredu baten alde eginez, bai egoiliarrentzat bai autokarabanen erabiltzaileentzat.

Hori guztia kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen da Usurbilgo Udalak errealitate honi bizikidetza-ikuspegitik heltzea, autokarabanen aparkalekua modu objektiboan arautuz, araudia betetzen dela bermatuz eta, ahal denean, gatazkak saihestuko dituzten irtenbide ordenatuak eskainiz.

ERABAKIAK
1. Usurbilgo Udalak adierazten du borondatea duela autokarabanen aparkalekuaren fenomenoari erantzuna emateko; ikuspegi errealista batetik, bizikidetza bermatuz eta juridikoki sendo, espazio publikoaren erabilerarako eskubidea eta hiri-ingurunearen babesa zein herritarren bizi-kalitatea bateragarri eginez.

2. Usurbilgo Udalak konpromisoa hartzen du udal-ordenantza espezifiko bat idazteko edo indarrean dagoen ordenantza egokitzeko, udalerrian autokarabanen aparkalekua arautzeko, gutxienez ondorengo irizpideak jasoz:
A. Zehazten diren guneetan aparkatzeko denbora-mugak ezartzea, txandakatzea edo errotazioa sustatzeko, eta aparkaldi luzeak saihesteko.
B. Arau-hausteen eta santzioen erregimena portaera zehatzetan oinarrituta (espazio publikoaren okupazio desegokia, isuriak-hondakinak edo gehienezko denborak).
C. Hartzen diren neurriek segurtasun juridikoa bermatzea.

3. Udalak azterketa tekniko bat egingo du autokarabanentzako aparkaleku arautu bat edo gehiago prestatzeko aukera baloratzeko. Honen helburua izango da ibilgailu horien presentzia antolatzea, eragin negatiboak minimizatzea eta auzokideekiko bizikidetza hobetzea.

4. Udalak seinalizazio egokia sustatuko du, eta beharrezko informazio-ekintzak burutuko, bai egoiliarrentzat bai autokarabanen erabiltzaileentzat, eta Udaltzaingoarekin koordinazioa indartuko du araudia behar bezala aplikatzen dela bermatzeko.