Orain arte, Usurbilgo, Hernaniko eta Astigarragako Udalak ziren Garbitania S.M. sozietate publikoko bazkideak. Abenduaren 10ean, ordea, laugarren batek, Oiartzungo Udalak ere bertako bazkide izatea eskatu zuen.
Sei egun geroago, Garbitaniak eginiko bilkuran onespena eman zitzaion eskaera hari eta udal gobernu taldeak iragan asteko osoko bilkuran jakinarazi moduan, "kide izateko bete beharreko baldintzak zehaztu zitzaizkion". Kapital handitzea eman da erabaki horren bidez; 130.000 euroko ekarpena egin beharra Oiartzungo Udalak eta, ondorioz, 62 partizipazio berri sortu dira.
Araudia aintzakotzat hartuta, jada Garbitaniako kide diren udalek dute horiek "lehentasunez eskuratzeko eskubidea". Udal gobernu taldeak, ordea, "partizipazioak erosteko lehentasunezko eskubideari uko egitea" proposatu zuen urtarrilaren 29ko osoko bilkuran, "Oiartzungo Udalak partizipazio horiek bere egin ditzan". Gehiengo osoz onartu zen proposamena EHBilduren eta PSE-ren babesarekin. EAJ aurka agertu zen.