Iaz, bost hilabetez eta urtarrilaren 12tik berriz pediatrarik gabe da herriko anbulatorioa. "Herrian kalte larriak eragin zituen egoera hark eta orain ere eragiten ari da", salatu du, iaz bezala, berriz ere mobilizatzen hasia den herritar taldeak. Egoera hori plazaratzeko erreklamazio bateratua sinatu eta helarazi diote Osakidetzari. Egoera horren ondorioez ohartarazi dute: "diagnostiko eta tratamenduetan atzerapenak, prebentzio-kontrolen murrizketa, Lasarteko osasun zentroaren gainkarga eta, batez ere, familien eguneroko bizitzan eta kontziliazioan eragin zuzena". Izan ere, egun, Lasarteko anbulatorioko pediatra astean behin etortzen da Usurbilgo osasun-etxera, haur txikien osasun-azterketetarako. Zerbitzua berrezarri artean, herritarren aukera haurrak Lasarte-Oriako anbulatoriora eramatea da. Horregatik, ia 6.500 biztanleko udalerri honetako haurren osasun-arreta bertan behera uztea eskubide-galera onartezintzat jo dute. Hain zuzen, "badira kotxerik ez duten familiak, baita gidatu ezin dutenak ere eta haurrak herrian bertan artatuak ez izateak kontziliazioa are gehiago zailtzen du. Egoerarik zaurgarrienetan, haurrak gaixo daudenetan, gertu, herrian bertan, artatuak izateko eskubidea galdu dugu bat-batean Usurbilen. Badirudi gure haurrek ez dutela eskubide hori".
"Egonkorra, jarraitua"
Gabezia horren aurrean, berriz "haurren osasunak lehen mailako lehentasuna izan beharko luke eta hala izatea eskatzen dugu", haien esanetan, "egonkorra, jarraitua, hurbilekoa, familia guztien erreferentziazko profesionala izango dena, pazienteak ongi ezagutzen dituena: euskalduna, pediatra, lehen arretako medikua, jarraikera horretan. Hori guztia funtsezkoa da haurren kalitatezko osasun-arretarako". Testuinguru honetan, "Osakidetzari zein arduradun publikoei" herri honetako osasun-etxeko "pediatra plaza egiturazkoa berehala betetzea" galdegin dute, "herrian bertan eta modu egonkorrean arituko den profesional batekin", hartara, haurren osasuna lehenetsi, eta "osasun publikoa, unibertsala eta hurbilekoa" bermatzeko.
Ordezkorik ez
Udalak ere bat egin du herritar taldearen eskaerarekin eta "Donostialdeko ESI-aren Lehen Arretako arduradunarekin harremanetan jarri da pediatra postua luze gabe bete eta herritarren ezinegona eta haserrea helarazteko". Egoera zaila dela jakinarazi zion, Agurtzane Solaberrietak urtarrilaren 29ko osoko bilkuran azaldu bezalaxe. Behin-behinean zen orain arteko pediatra euskaldunak plaza eskuratu du beste eskualde batean.
Bera ordezkatzeko "lan-poltsan ez dute inor" jakinarazi zion. Arduradun horren esanetan, Osakidetzako zuzendaritzari dagokio "lanpostua betetzeko baliabideak bideratzea". Alkateak egoera horren berri ematea Osakidetzari dagokiola jakinarazi zion, "aurrez ere hori egiteko konpromisoa hartu arren, ez baitute emandako hitza bete". Ondorioz, xede berarekin, "gutuna helarazi dio Usurbilgo alkateak Osakidetzako zuzendari orokor Lore Bilbaori". Gogoan izan, herritar taldeak iraila amaierako osoko bilkuran pediatria zerbitzu duina bermatzeko aurkezturiko mozioa gehiengo osoz onartu zuten. Iragan asteko saioan, alkateak adierazi zuenez, "ez dituzte erabaki sendo eta eraginkorrak hartzen Usurbilerako: Osakidetzak egun bizi duen arazo estrukturalaren ondorio da hemen bizi duguna".
USURBILGO OSASUN ZENTRUAN PEDIATRA ORDEZKATZEKO ESKAERA
2025ean 5 hilabetean zehar Pediatrarik gabe egon ginen. Herrian kalte larriak eragin zituen egoera hark eta orain ere eragiten ari da: diagnostiko eta tratamenduetan atzerapenak, prebentzio-kontroletan murrizketa, larrialdietako eta Lasarteko osasun zentruko zerbitzuen gainkarga, gertutasun ezagatik familien lana eta bizitza pertsonala uztartzea oztopatzea...
Jakinaren gainean egongo zarete, Usurbilgo herrian Pediatrarik gabe gaude berriz ere urte hasieratik, 2026ko urtarrilaren 12tik. Lasartera bideratzen gaituzte Pediatrarengana joan behar dugunetan eta, horrela, bertako langileen lan-karga areagotzen da.
Usurbilgo haurren herriko osasun-zerbitzua bertan behera utzi da, osasun publikoa eta unibertsala defendatzen den garai honetan. Haurren osasunak lehen mailako lehentasuna izan beharko luke eta hala izatea eskatzen dugu.
Bada, herriko osasun zentruan Pediatrarik ez izatea eskubide-galera ikaragarria da ia 6.500 biztanleko herri batean, herritarren ongizateari eta osasunari zuzenean eragiten diona. Gure herrian badira kotxerik ez duten familiak, baita gidatu ezin dutenak ere eta haurrak herrian bertan artatuak ez izateak kontziliazioa are gehiago zailtzen du. Egoerarik zaurgarrienetan, haurrak gaixo daudenetan, gertu, herrian bertan, artatuak izateko eskubidea galdu dugu bat-batean Usurbilen. Badirudi gure haurrek ez dutela eskubide hori.
Gure eta gure haurren eskubideak errespetatzeko eskatzen dugu. Osakidetzako lanpostuen zerrendan (gaztelaniazko RPT, “Relación de Puestos de Trabajo”) Usurbilgo osasun zentruari dagokion egiturazko Pediatra plaza bete dezazuela exijitzen dugu. Berehala, herrian, artatuko gaituen profesionala eskatzen dugu. Egonkorra, jarraitua, hurbilekoa, familia guztien erreferentziazko profesionala izango dena, pazienteak ongi ezagutzen dituena: euskalduna, Pediatra, Lehen arretako medikua, jarraikera horretan. Hori guztia funtsezkoa da haurren kalitatezko osasun-arretarako.
Dagozkion lekuan ondorioak izan ditzan.