Ver esta publicación en Instagram
Badator Urde!!! Bidean datorkigu. Dagoeneko Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako buruhandiekin elkartu da Kalezarko plazan, sare sozialen bidez zabaldutako ondoko bideoan ikus dezakezuen moduan. Guztion zain da jada.
Otsailaren 13an, Usurbilgo herri inauterietan haiekin bat egiteko aukera izango dugu, plaza horretatik, Kalezarko erdigunetik hain zuzen. Iaz bezala, aurtengoan ere Urderen etorrera ospatzeko herri kalejira berezia antolatzen ari dira hainbat herri eragile, honako hauek hain zuzen: Orbeldi Dantza Taldea, Gaztelekua, Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Ziortza Gazte Elkartea, Txirikorda, Belmonte auzo elkartea, Usurbilgo Joaldunak, Zumarte Musika Eskola, Arrobitxulo, NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.
Usurbilgo herriari hitzorduarekin bat egiteko gonbita egin diote. Izan ere, Kalezarko plazan hasi eta Mikel laboa plazan amaituko den kalejirak Kalezar, Ugartondo, Aranerreka eta herri erdigunea zeharkatuko ditu. Bidean, hainbat geltoki izango dira eta geltokietan ezusteko bat baino gehiago!
Prestaketen tailerra
Girotzen hasteko, adi; tokiko mozorro festa prestatzeko hain zuzen, hitzordu berezia antolatu dute larunbaterako, otsailaren 7rako, Orbeldi Dantza Taldeak Oiardo kiroldegian duen aretoan. Izan ere, tailer berezia iragarri dute; batetik, kalejira horretarako jantziak ondu ahalko dira. "Bakoitzak bere oinarria ekarri (zakua eta lastozko txapela) eta gehigarriak eta apaingarriak bertan izango dira", jakinarazi dute deitzaileek. Bestalde, kalejirako dantza entseatzeko aukera ere izango da. Ekitaldia, herri inauteriek antolatzen lagundu nahiz parte hartu nahi duten orori zuzendurikoa izango da.
"Zuk ere Urde harrapatzen lagundu nahi gaituzu? Gerturatu zaitez" larunbateko tailerra, hortxe antolatzaileen gonbita.
Harrapariak:
-Izaera: "Herrira ordena ekartzeko ardura duten pertsonaiak dira. “Villa Belmonte” garaitik dira ezagunak, horregatik, Kalezarren dute gehienek jatorria. Urde harrapatzea da haien lana, inauterietako izpiritua Usurbila etor dadin urtero. Zintzarriak dituzte Urde deitzeko, baita makilak ere lurra astintzeko".
-Janzkera: alkandora beltza, galtza koloredunak, artilezko galtzerdiak, abarkak, osagarriak (gona iluna, beloa, koloredun zapia lepoan, zintzarridun gerrikoa eta makila).
Anguleroak:
-Izaera: "Errio inguruko pertsonaiak dira, Txokoalde eta Agiñatik etortzen dira. Farolatxoak dituzte eta neguko ilunean argia egiten dute. Anguleroek laguntzen diete herritarrei haien bidea argitzen, dituzten arazoei aurre egiteko".
-Janzkera: blusoi beltza, alkandora zuria, maoizko galtzak, artilezko galtzerdiak, abarkak eta osagarriak (zintadun zaku txapela, argitxoa eta koloretako gerrikoa).
Lamiak:
-Izaera: "Aranerrekan bizi dira. Izaki magikoak dira, ura eta argia kontrolatzeko gaitasuna dute. Izaki maitagarri modura azaltzen dira. Argitasuna, alaitasuna eta maitasuna izaten dira haien botere nagusiak errekara hurbildu eta ur-azpian murgiltzeko. Horrela, gizakiaren anima harrapatu eta betirako kondenatuak izateko".
-Janzkera: alkandora zuria, maoizko galtzak, artilezko galtzerdiak, abarkak eta osagarriak (tunika, gerrikoa, maskara eta ilea harrotuta).
Zakuak
-Izaera: "Herritarrak dira, inauteriaren zain daudenak. Dantzatzea eta kantatzea gustuko dute, festa alegia. Harrapariei Urde aurkitzen laguntzen diete. Haien garrasi eta oihuak oso garrantzizkoak izango dira lan horretan".
-Janzkera: alkandora zuria, maoizko galtzak, artilezko galtzerdiak, abarkak eta osagarriak (zintadun zakua eta zintadun lastozko kapela).
Usurbilgo herri inauteriak
Otsailak 7, larunbata
10:30 Usurbilgo herri inauteriak prestatzeko jantzien tailerra eta entsegu irekia, Orbeldi Dantza Taldeak Oiardo kiroldegian duen aretoan.
Otsailak 13, ostirala
Urderen etorrera!
18:00 Herri kalejira Kalezarko plazatik abiatuta. Ibilbidea: Pelaioenea, Egurtzegi, Txirikorda, Errekatxiki, Olanonea, Mikel Laboa Plaza. Mozorrotu Usurbilgo Inauterietako pertsonaiez (Angularia, Harraparia, Lamia eta Zakua) eta etor zaitez gurekin Urderen inauterietako izpirituaren bila! Apaindu zuen balkoiak zapiekin".
Antolatzaileak: herriko hainbat eragile elkarlanean.
Inauteri festa: "Munduko festak"
Otsailak 14, larunbata
18:00 Kalejira Burrunbazale txarangarekin.
22:30 Itzal erromeri taldearen emanaldia frontoian.
Antolatzailea: NOAUA! K. E.
Inauteriak ikastetxeetan
Otsailak 13, ostirala
Aginagako eskola
15:00ak aldera, Eskolakoen ospakizuna. "Aurten euskal inauterien gaia jorratuko dugu eta eguraldi onak laguntzen badigu, kalean ospatuko ditugu!".
Antolatzailea: Aginagako eskola.
Udarregi ikastola
10:30 HHko ikasleek Mikel Laboa Plazan, "zaku mozorroak jantzita, urteroko dantzak egingo dituzte: Makilakixki, Orpo Punta, Mielotxin eta Ziripot eta Axuri Beltza.
11:00 LHko eta DBHko ikasleen "martxa" mozorrotuta, herri erdigunean barrena.
11:45 DBHko ikasleen emanaldia Oiardo kiroldegian. "Hiri tribuez jantziko dira, hala nola, skater, pijo, emo eta antzeko estiloak irudikatuz, gaur egungo gazte-kulturaren aniztasuna erakusteko ikuskizuna aurkeztuko digute".
15:30 LHko ikasleen emanaldia Oiardo kiroldegian. Gaia: "Arrastaluren irudiak askatasunean". "Carlos Zabala "Arrastalu" artista sortzailearen Askatasuna plazako irudiak Inauteri festara gehituko dira. Udarregitik 6 pareta hartu dituzte, maila bakoitzari berea izendatu eta irudiei bizitza emanez, dantzarako prest izango dituzte datorren ostiralerako. Sei pareta horien irudiak ikusiz, izendapen hauek bururatu zaizkie Udarregikoei: Baserri Giroa, Oilasko Biltzea, Herriko eta Herritarren Bitxikeriak, Herriko Pertsonaiak eta..., Herri Aniztasuna eta Kirolariak".
Antolatzailea: Udarregi ikastola.
Ver esta publicación en Instagram