N634 errepideak alderik alde zeharkatzen du udalerri hau. Herri erdigune ondotik igarotzen da, baita Usurbilgo zenbait herri eta auzoetatik ere. Usurbildik sartu eta irteteko komunikazio bide nagusia den bide horrez gain, badira baita udalerri honetako lurrak zeharkatzen dituzten beste bi errepide ere; GI-20 eta AP-8 errepideak hain zuzen. Aipaturiko azkeneko bi horietan hobekuntza lanak egitera doala jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Guztira, 4,9 milioi euro bideratuko ditu, "errepide sarearen segurtasuna eta erresistentzia indartzeko" lanetara.
Obra horien bidez, "AP-8 eta GI-20 errepideetako hainbat puntutan drainadura hobetzeko jarduketa berriak egingo dira" Usurbilen. Baina ez bakarrik udalerri honetan, baita Orion, Donostian eta Zestoa parean ere, Foru Aldunditik zehaztu dutenez. "Egungo hodien ordez hodi seguruagoak eta eraginkorragoak jarriko dira, uholdeak prebenitzeko helburuarekin", azaldu dute.
"Funtsezko esku-hartzeak"
Lanak, halere, aurrerago egingo dituzte, 2026. urte honetako bigarren seihilekoan, aurreikusi dutenez. Ia urtebeteko iraupena izango dute, hamaika hilabete eta erdikoa izango da. "Obra horien ezaugarri garrantzitsuenetako bat da zangarik gabeko tekniken bidez egingo direla, bide-azpiegituraren beraren pean jardunez, eta horrek nabarmen murriztuko du ingurunean eta trafikoan izango duen eragina. Intzidentziak batez ere bazterbideetan kontzentratuko dira, eta, noizean behin, erreiren bat aldi baterako moztu beharko da, seinaleztapen eta balizatze lanak errazteko".
Gipuzkoako Foru Aldundiak funtsezko esku-hartzetzat jo ditu lerrootan aipaturikoak, "bai bide-azpiegituraren egoera ona eta iraunkortasuna bermatzeko, bai lotutako ibai-ibilguek behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatzeko".