Matiako langileak mobilizazioetan

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 6a

Argazkiaren egileak: Matiako langileak.

Egunotan hainbat mobilizazio egin dituzte Matiako langileek; tartean, Egurtzegin.

“Ezintasunaren osagarria ez da ukitzen. Matia vs langileen osasuna” aldarripean, Kalezarko Egurtzegin, zaintzadun etxebizitzen auzunean mobilizatu ziren Matiako hainbat langile otsailaren 4an. Protesta ekintzako leloak zioen moduan, “ezintasunaren osagarria” orain arte bezala jasotzeko eskubidean aldaketarik ez izatea galdegin zuten. Hedabide honi azaldu diotenez, “bajan gaudenean enpresak berez hilabete bukaeran osatzen digu bajaren nomina ehuneko ehunera arte hilero”. Hori hala izan da orain arte. Aldiz, “absentismoa altu dagoelako, enpresak unilateralki erabaki du osagarri hori urte bukaeran abonatzea”. Langileon esanetan, osagarri hori ez diete kendu baina hilero jaso beharreko diru kopuru hori jasotzea urte amaierara geroratu diete. Ondorioz, atzerapen horrekin “hilabete bukaerako soldatetan kolpe handia jasotzen dute”. Gogora ekarri digutenez, sektore honetan, lehendik ere “soldatak prekarioak” ziren eta erabaki horrek are gehiago sakontzen du prekarizazio bide horretan.

Bizi duten egoera hori salatzeko hainbat mobilizazio egin dituzte egunotan Matiako langileek, aipatu moduan, Kalezarko Egurtzegin, Matiaren Donostiako egoitza nagusian, Intxaurrondoko Lamourous egoitzan edota Oiartzungo Petra Lekuonan. Protesta horiek guztiak LAB, ELA, SAE eta UGT sindikatuek osaturiko langileen batzordeak deitu ditu.