Buruntzaldeko transmaribibolloen aurkezpena ostiralean

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 9a

Buruntzaldeko transmaribibolloek urtarrilaren 30erako iragarritako aurkezpen ekitaldia geroratzea erabaki zuten. Ostiral honetarako, otsailaren 13rako iragarri dute, bi aste lehenago egitekoa zuten hitzordua.

“Urteari ekitearekin batera Buruntzaldeko transmaribibolloen aurkezpena egingo dugu Usurbilen”, iragarria dute Buruntzaldeko transmaribibolloen mugimenduak. Izatez urtarrilaren 30erako deitua zuten aurkezpen ekitaldia, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean, baina ez zuten egiterik izan.

Ondorioz, data berria finkatu dute. Ostiral honetan, otsailaren 13an, izango da Buruntzaldeko transmaribibolloen aurkezpena, aurrez iragarritako ordu eta leku berean; arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Bi zati izango ditu ekitaldiak; aurkezpena lehenik eta, ondoren, Anuk eta Elenek girotuko duten luntxa.

2024tik
Eskualde mailako mugimenduaren berri izan dugu azken bi urteotan. 2024 inguruan hasi ziren saretzen, bilgunetik urte hartan berri eman zutenez, "elkarren arteko harremanak sendotu eta gure eskualdean zenbait auzi mahaigaineratzeko". Hainbat ekimen bideratu zituzten hasiera hartan; besteak beste, "trans ikusgarritasunaren eguneko manifestazioa, Bollotopaketen aurkezpena, Anita Doinelen “Me lo merezco” liburuaren aurkezpena…".

Azkenekoz, uda partean jaso genuen Buruntzaldeko transmaribibolloen berri. Uda hasieran Lasarte-Orian, Hernanin edota Andoainen izandako eraso LGTBIAQ+ fobo eta arrazistak salatu zituzten ohar bidez; zehazkiago esanda, hainbat hormetan izandako margoketak edota "Hernanin zein Andoainen festetan gertatutako eraso eta diskurtso arrazistak" deitoratu zituzten. "Buruntzaldeko transmaribibollook argi utzi nahi dugu ekintza horiek guztiak eraso gisa ulertzen ditugula eta, ez Buruntzaldean ez inon, ez ditugula inolaz onartuko, ezta pasatzen utziko ere", nabarmendu zuten.

Testuinguru horretan, jakinarazi nahi izan zutenez, "antolatuta gaude eta erasoei erantzun kolektiboz erantzungo diegu".

Orain, eskualde mailako aurkezpena egitea erabaki dute ostiral honetan, otsailaren 13an, Potxoenean.

Buruntzaldeko transmaribibolloen aurkezpena
Eguna: otsailak 13, ostirala.
Ordua:
18:00.
Tokia: Potxoenea.
Zehaztasunak: “Urteari ekitearekin batera Buruntzaldeko transmaribibolloen aurkezpena egingo dugu Usurbilen”, iragarri dute Buruntzaldeko transmaribibolloen mugimenduak. Ekitaldiak bi zati izango ditu; batetik, aurkezpena izango da eta, segidan, Anuk eta Elenek girotutako luntxa.
Antolatzailea: Buruntzaldeko transmaribibolloak.