Inauterien astean sartu gara. Gogoan izan, Usurbilen bi jaiegun izendatuak daudela astebururako; ostiralean, otsailaren 13an eta biharamunean, hilaren 14an. Munduko ospakizunen elkargunea izango da udalerri hau larunbatean. Bezperan, errotzen hasiak diren herri inauteriei lekua egingo zaie, herri kalejira girotu eta bereziarekin.
Urderen etorrera, itzulera irudikatuko duen deialdi horren prestaketa lanetarako bildu dira hainbat herri eragile; Orbeldi Dantza Taldea, Gaztelekua, Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Ziortza Gazte Elkartea, Txirikorda, Belmonte auzo elkartea, Usurbilgo Joaldunak, Zumarte Musika Eskola, Arrobitxulo, NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.
Kantu Taldeak hain zuzen, astelehen honetan, otsailaren 9an izango du asteleheneroko ikastaroko saioa, oraingo hau, herri inauterien atarikoa. Izan ere, hamazazpigarren ikasturtea hasi berritan, jendaurrean egingo duten hirugarren emanaldia izango da ostiralekoa. Urtarrilaren 31n egin zuten urteko eta ikasturte honetako lehen kantu-jira. Iragan asteazkenean, Agate Deunaren bezperan ere kalez kale kantuan irten ziren, koplatan eta makil hotsekin lurra deiadarka esnatzen.
Aipatu moduan, ostiraleko herri inauteriekin ere bat egin dute Kantu Taldetik. "Euskal abestien bidez euskal kultura eta euskara sustatzearekin batera, ondo pasako duzue talde-giro ederrean. Atzoko kantak gogoratu, berreskuratu eta gaurkoak ikasiz tarte ederrak pasako dituzue, ziur!".
Kantu Taldearen hurrengo deialdiak
Astelehenero
18:00 Entsegu saioak Agerialdeko musika gelan.
Otsailak 13, ostirala
Urderen etorrera!
18:00 Herri kalejira Kalezarko plazatik abiatuta. Ibilbidea: Pelaioenea, Egurtzegi, Txirikorda, Errekatxiki, Olanonea, Mikel Laboa Plaza. Mozorrotu Usurbilgo Inauterietako pertsonaiez (Angularia, Harraparia, Lamia eta Zakua) eta etor zaitez gurekin Urderen inauterietako izpirituaren bila! Apaindu zuen balkoiak zapiekin". Deialdiarekin bat egin dutenen artean da, Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.
Otsailak 28, larunbata
12:00 Kantu-jira, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.