Autobus zerbitzua hobetzeko udal eskaerak Lurraldebusi

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 9a

Udalerri honetan eskainitako zerbitzua hobetzeko zenbait eskaera egin dizkio Usurbilgo Udalak Lurraldebusi.

"Usurbilgo Udalak zenbait eskaera egin dizkio Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun sailari, Lurraldebusek herrian ematen duen zerbitzua hobetzeko", jakinarazi dute Udaletik.

Udaletik zehaztu dutenez, "eskaera gehienek garraio publikoaren erabilera bultzatzeko helburua dute: herritarrek ahoz zein idatziz egindako eskaerak bere egin eta aldundira bideratu ditu udalak. Zerbitzuen arteko konexioak hobetzeko eta hainbat geltokiren izendapenak berrikusteko eskaera ere egin du". 

Batetik, udalerri hau zeharkatzen duen Zumaia-Donostia arteko UK09, Usurbil Hernanirekin lotzen duen BU10 eta ospitaleetara doan BU02 zerbitzuei dagokienean, autobus geltoki berriak eraikitzea galdegin dio Udalak Foru Aldundiari.

BU02k geltoki bakarra du herrian, San Inazioko biribilgunekoa. "Bigarren geltoki bat jartzeko eskatu da, San Inazio kaleko 3. zenbakian. Linea horren erabiltzaileak, batez ere, adineko pertsonak eta ospitalera joan-etorriak egin behar dituzten herritarrak izaten dira, eta haientzat erosoagoa litzateke San Inazioko geltokia baliatu ahal izatea". Herri aldapatsu honetan, hain zuzen, Udalak Aldundiari zehaztu dionez, “egungo geltokitik herrigunera igotzeko pendiz handia igo edo jaitsi behar da: zailtasun handikoa da, eta arriskutsua izan daiteke haientzat”.

Hernanirekin lotzen gaituen BU10 zerbitzuak San Inazio kalean du (Gaztañaga parean) bere irteera nahiz helmugako geltokia. Bereziki Santuenea edota Zubieta aldeko erabiltzaileek kasu horretan ere, beste bi zerbitzuetara, BU02 nahiz UK09 zerbitzuetara heltzeko trabak dituzte, "BU10 lineak San Inazio kalean baitu geltokia: batetik bestera joateko aldapa jaitsi edo igo behar izaten dute. Horregatik, BU10 linea Zelaiaundi kalea, biribilgunea geltokian ere gelditu dadin eskatu du udalak. Linea horri lotuta, bigarren eskaera bat ere bideratu da, Zubietako Lanbide Eskolaren eskariz: ikasleek ikastetxerako joan-etorriak garraio publikoz egin ahal izateko, autobusaren ordutegia berrikustea eskatu da".

Azkenik, Zumaia eta Donostia arteko UK09 lineari dagokionean, beste geltoki berri bat eraikitzea galdegin da, lehendik ere aurreikusia zegoen tokian, tren geltoki ondoan, Etxealdiako zubi ondoan, N634 errepide ertzean. "Tren geltoki berriaren obrak amaitzear izanik, duela zenbait urte egin zen aurreikuspen bat berreskuratu, eta jada urbanizatua dagoen eremuan autobus geltoki berria gehitzeko eskatu du udalak".

Izan ere, “garraio publiko ezberdinen arteko konexio nodoak edo guneak sortzeak berebiziko garrantzia du, baita geltokiak herritarren etxebizitzetatik gertu egoteak ere. Kasu honetan, Etxealdia eta Santuenea auzoei eta herrigunearen ekialdeko bizilagunei gertuko zerbitzua eskainiko lioke, eta horrek erabilpenean isla izan dezake”. 

Hiru autobus zerbitzu horiei lotutako aipaturiko eskariez gain, "geltoki guztietan identifikazio poste bana eta ordutegiak jartzea" galdegin du, "ahal bada, panel elektronikoen bidez". Horrekin batera, "hainbat geltokiren izendapenak aldatzeko eskatu du, egokiagoak proposatuz". Udaletik adibide moduan aipatu dutenez, "Kalezarko geltoki berria “Escaleras” gisa identifikatzen du Lurraldebusek, eta “Kalezar-Ugaldea” gisa identifika dezan eskatu dio; “Aginaga auzoa 31 parean, Aginaga surtidor” gisa identifikatzen duena “Aginaga gasolindegia” izendapenagatik aldatzeko; “Aginaga auzoa 12 Errazti” bezala identifikatzen duena, “Aginaga erdigunea” izatea; “Aginaga auzoa 5 Biona” esaten duen lekuan, “Galardi” esatea; “Txikierdi auzoa Merkatalguneko sarrera” jartzen duen lekuan “Txikierdi-Arsuaga” jartzea eta “Txikierdi auzoa 7 Donostiarantz, Urbil biribilgunea” jartzen duen lekuan “Urbil” jartzea".

Eskaera zerrenda horrekin batera, Lurraldebusek Usurbilen eskainitako zerbitzua hobetzeko Udalak eskuartean dituen proiektuen berri helarazi dio Foru Aldundiari. "Batetik, Txokoaldeko gasolindegiaren parean, semaforo bidezko zebrabide bat eta bi noranzkoetarako autobus geltoki seguruak izateko proiektua idatzi zuen: aldundiarekin adostutako proiektua da, eta haren baimena ere jaso du udalak. Bestetik, Santueneko autobus geltokiak lekuz aldatuko ditu, markesina berriekin, egungo geltokien kokapenek trafikoa oztopatzen baitute".


Udalak Lurraldebusi eginiko eskaerak eta helarazitako jakinarazpenak
-BU02 (San Inazio 3an), BU10 (San Inazioko biribilgunean) eta UK09 autobus lineatan autobus geltoki berri bana ezartzea.
-Zubieta Lanbide Eskolaren eskaria: BU10  linearen ordutegia berrikustea.
-Herriko geltoki guztietan identifikazio poste bana eta ordutegiak jartzea, ahal bada, panel elektronikoen bidez.
-Hainbat geltokiren izendapenak aldatzea.
-Horrez gain, garraio zerbitzua hobetzeko bi proiekturen jakinarazpena helarazi dio Udalak Foru Aldundiari; TXokoaldeko gasolindegi ondoan semaforo bidezk zebrabidea eta bi aldeetan autobus geltoki seguruak izateko Aldundiarekin adostutako egitasmoarena eta Santueneko autobus geltokien leku aldaketarena.