Inauterien astean gara

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 10a

Bi ospakizun egun izango dituzte inauteriek Usurbilen; otsailaren 13a eta 14a. Lerrootan duzue egitarau osoa.

Inauteriak 2026
Otsailak 13, ostirala
Aginagako eskola
15:00ak aldera, Eskolakoen ospakizuna. "Aurten euskal inauterien gaia jorratuko dugu eta eguraldi onak laguntzen badigu, kalean ospatuko ditugu!".
Antolatzailea: Aginagako eskola.

Udarregi ikastola
10:30 HHko ikasleek Mikel Laboa Plazan, "zaku mozorroak jantzita, urteroko dantzak egingo dituzte: Makilakixki, Orpo Punta, Mielotxin eta Ziripot eta Axuri Beltza.
11:00 LHko eta DBHko ikasleen "martxa" mozorrotuta, herri erdigunean barrena.
11:45 DBHko ikasleen emanaldia Oiardo kiroldegian. "Hiri tribuez jantziko dira, hala nola, skater, pijo, emo eta antzeko estiloak irudikatuz, gaur egungo gazte-kulturaren aniztasuna erakusteko ikuskizuna aurkeztuko digute".
15:30 LHko ikasleen emanaldia Oiardo kiroldegian. Gaia: "Arrastaluren irudiak askatasunean". "Carlos Zabala "Arrastalu" artista sortzailearen Askatasuna plazako irudiak Inauteri festara gehituko dira. Udarregitik 6 pareta hartu dituzte, maila bakoitzari berea izendatu eta irudiei bizitza emanez, dantzarako prest izango dituzte datorren ostiralerako. Sei pareta horien irudiak ikusiz, izendapen hauek bururatu zaizkie Udarregikoei: Baserri Giroa, Oilasko Biltzea, Herriko eta Herritarren Bitxikeriak, Herriko Pertsonaiak eta..., Herri Aniztasuna eta Kirolariak".
Antolatzailea: Udarregi ikastola.


Usurbilgo herri inauteriak
Urderen etorrera! 
18:00 Herri kalejira Kalezarko plazatik abiatuta. Ibilbidea: Pelaioenea, Egurtzegi, Txirikorda, Errekatxiki, Olanonea, Mikel Laboa Plaza. Mozorrotu Usurbilgo Inauterietako pertsonaiez (Angularia, Harraparia, Lamia eta Zakua) eta etor zaitez gurekin Urderen inauterietako izpirituaren bila! Apaindu zuen balkoiak zapiekin". 
Oharra: euria balitz, ibilbidea egokituko dute.
Antolatzaileak: herriko hainbat eragile elkarlanean.


Otsailak 14, larunbata
Inauteri festa: "Munduko ospakizunak"
18:00 Kalejira Burrunbazale txarangarekin.
22:30 Itzal erromeri taldearen emanaldia frontoian.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.