Kaleko Afari Solidarioak (KAS) egitasmoaren baitan Usurbilen udazkenean sortutako herritarren taldeak bigarren elkartasun otordua prestatu eta Donostiara garraituko duela iragarri du. Izan ere, gogoan izan, abenduaren 23an prestatu zuten lehen afari solidarioa, azaroa amaieran bideraturiko elikagaien bilketaren ondotik.
Hedabide honetara igorritako oharraren arabera, "dakizuenez, Usurbilgo herritarrok Donostiako Kale Afari Solidarioak (KAS) proiektuan parte hartzen dugu, bertako langileei lan-karga arintzeko asmotan".
Urte amaieran prestaturiko lehen otorduaren ondotik, bigarrena sukaldatzera doazela iragarri dute. Otsailaren 17an izango da, berezitasun batekin. Izan ere, "oraingoan, ez dugu janari-bilketarik egiteko beharrik, aurrekoan izan genuen bilketa oparoari esker".
Horregatik, eskertza helarazi nahi izan diote ohar bidez herritarrei; "Mila esker, Usurbil!". Kaleko Afari Solidarioak egitasmoarekin bat egin eta bertan parte hartu nahi dutenek, telefono zenbaki honetara idatzi edo deitzea eskatu dute: 688 85 08 24.
Urte amaieran, lehen afari solidarioa
Solidaritatea zerion abenduaren 23an Aitzaga elkarteari. Elkartasunari bide eman eta ordura arteko lanketa borobildu zuten egun hartan. Arratsaldean zehar, Kaleko Afari Solidarioak egitasmoarekin bat egin zuen, bertan bildutako boluntario taldeak.
Gogoan izan, udazkenean zehar abiarazi eta osatu zuen herritar talde batek Kaleko Afari Solidarioak egitasmoarekin bat egiteko bilgunea. Egitasmo hura 2020an sortu zuten Donostian. Ekimen solidario horren baitan, kalean bizi direnentzako sukaldatutako afari beroa prestatu eta banatzeari ekin zioten.
Aipatu moduan, boluntario sare horrekin bat egin zuen udazkenean Usurbilgo herritar talde batek. Hitzaldi bat antolatu zuten hasteko, urriaren 31n Potxoenean, egitasmo honen berri jasotzeko. Gerora, lehen afari solidarioa prestatzea erabaki zuten. Horretarako, elikagaien eta baliabideen bilketa antolatu zuten azaroa amaieran Usurbilen eginiko bi azoka egunetan; Hurbilagoren Udazkeneko Azoka egunean eta biharamuneko 24. Erle Egunean.
Jasotako laguntzarekin, abenduaren 23an prestatu zuten Aitzaga elkartean lehen afari solidarioa. Bildutakoa tuperretan jaso, kotxe batera eraman eta ibilgailu honen bidez garraiatu zuten gero, Donostiara.
Aitzagan zirenek, eskertza helarazi zieten afari solidario hau egitea ahalbideturiko guztiei.