Zuetako askok mozorroak jada prest izango dituzue edo azken ukituak ematen ariko zarete. Bat baino gehiago, bi egunez plazaratuko da bestelako pertsonaia baten azalean. Izan ere, egunotan horretarako aukera izango du Usurbilen. Larunbatean, otsailaren 14an, munduko ospakizunen elkargunea izango den Inauteri Festa antolatu du NOAUA! Kultur Elkarteak. Bezperan, herri eragile gehiagorekin lankidetzan, Usurbilgo tokiko inauteriei lekua egingo zaie, ikastetxeen jaialdien ondotik hain zuzen.
Egin, egingo da
Eguraldi iragarpenari begira egongo denik izango da egunotan. Antolatzaileek argitu dutenez, inolaz ere ez da bertan behera geratuko, hasiera batean, ostiralean 18:00etan Kalezarko plazatik abiatzekoa den herri kalejira. Baina euria egingo balu, ibilbidea egokitu asmotan dira. Hala izango balitz, Orbeldi dantza taldekoen sare sozialei adi egoteko deia egin dute. Honenbestez, ziurtatua dago herri inauterietan murgilaraziko gaituztela beste urte batez. Aurten, gainera, eragile gehiago batu dira hitzordu honen bideratze lanetara: Orbeldi Dantza Taldearekin batera, Gaztelekua, Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Ziortza Gazte Elkartea, Txirikorda, Belmonte auzo elkartea, Usurbilgo Joaldunak, Zumarte Musika Eskola, Arrobitxulo, NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.
Halere, antolatzaileek NOAUA!ri adierazi diotenez, ez dute eragileek sustaturiko festa hutsa izaterik nahi. "Orbeldi dantza taldean duela hiru urte hasi genuen proposamena izan zen herri inauteriena. Oso argi genuen herriari zabaldutako proposamena izan behar zuela. Pixkanaka atea jotzen joan eta geroz eta eragile gehiago animatzen ari zaizkigu festa honetara", adierazi digute. Ildo horretan, "aurten bai, bileretan antzeman dugu, oso izaera ezberdineko taldeen parte hartzea. Eskertzekoa da jendeak agertutako gogoa eta interesa".
Halere, aipatu moduan, ohitura hau eragileetatik haratago heldu eta errotzea nahi dute, jaialdi hau "herriarena bilakatzea. Eragileek parte hartzea bai, baina herriaren festa izatea" nahi dute.
Estreinaldiarekin gustura
Izatez, honako honek hirugarren edizioa izan beharko luke kalejira formatuan egingo dutena. Baina oroitarazi digutenez, duela bi urte, ekitaldi bat egitera mugatu behar izan zuten. Iaz bai, estreinakoz egin ahal izan zuten herri erdigunea nahiz Kalezar zeharkaturiko kalejira. Oso pozik geratu ziren iaz bizitakoarekin. "Geldialdi guztietan zegoen jendea", gogorarazi dutenez.
Aldiz, herritarrak pixkanaka beste pauso bat ematera bultzatu nahi dituzte; jaialdiko ikus-entzule soilak izatetik, festaren parte izatera igarotzea. "Mozorrotu eta jendeak berea senti dezala festa hau, jauzika, oihuka, dantzan". Laburbilduz, festa parte hartzailea izatea sustatu nahi dute.
Egokitzen
Herri inauteria errotzen segi nahi dute urtez urte. Aurtengoak aldaketak dakartza. Hasteko ibilbide berritua; iaz, Agerialdetik hasi, Aranerrekako parke eraberritutik Ugartondora jo, handik Kalezar zeharkatu eta Mikel Laboa plazara arteko ibilbidea osatu zuten gero, herri erdigunean barrena. Oraingo honetan, iazko ibilbidea luzeegia zela ikusita eta antolatzaileetako bat Belmonte auzo elkartea dela aintzakotzat hartuta, Kalezarko plazatik hasiko dute festa ibiltaria.
Irteeratik amaierara, une bakar bat ere ez galtzeko deia egin dute. Izan ere, "gune bakoitzean zerbait gertatu eta biziko da. Mimo handiz prestatu dira". Zertzelada txiki hauek baino ezin izan dituzte aurreratu, otsailaren 13an biziko dugunaz. "Dantza, ipuin kontaketa, bertsolariak, musika... sorpresak egongo dira", iragarri dute.
Lagun berriak
Urderen etorrera irudikatuko du ekimenak. Urde bidean dator, "aurtengoan ez dakigu zer ekarriko duen". Dakiguna da, antolatzaileen esanetan eta sare sozialen bidez zabaldutako bideoan ikusi ahal izan den moduan, lagun berriekin itzuliko dela; iazko Usurbilgo jaietan, estreinakoz, kalez kale ikusitako buruhandi berriekin hain zuzen. Gogoan izan, antzekotasunak izan badituztela kareta berriek herri inauteriotako pertsonaiekin. Izan ere, herri nortasunari atxikitakoak dira batzuk eta besteak. Tokiko inauterion pertsonaien artean ditugu, Aranerrekako lamiak, errio ertzeko anguleroak, basurde itxurako Urde bera... Aharia, basurdea, oilarra, errotaria, anguleroa eta arotza, horiexek dira iazko Usurbilgo herri eta auzoetako jaietan lasterka biziak eragindako hemengo Laubururen buruhandi berriak. Batzuk eta besteek bat egingo dute ostiral honetako, otsailaren 13ko herri inauterian.
Lankidetza honetara batu da, modu horretan, aipatu konpartsa. "Gainerako eragileekin batera, aurtengo lehenengo irteera, lehenengo kolaborazioa buruhandi berriekin egitearekin oso gustura gaude", adierazi digute konpartsatik. Gonbitari baiezkoa ematea argi izan zuten hasieratik. Are gehiago, iaz bizitako urte berezi horren ondotik. Duela hainbat urte inauterietan egindako biren ondotik, berriz ikusiko ditugu aurtengo herri inauterietan. "Agian, izan liteke hau bide berri horietako baten hasiera, batek daki", diote konpartsatik.
Ezustekoekin jolasean
Horretan jarraitu nahi lukete etorkizunean, "pertsonaia berriak gehitu, istorioa moldatu...", herriak bere egin eta bere gisara egokitzen. Horregatik aritu dira urteotan ere kalejira ezberdin bat prestatzen. "Orain arteko Urderen hirugarren etorrera izango da honako hau. Hirugarren itzulera beste modu batekoa" izango dela aurreikusi dute. "Lehen urtean, Urde bat egon zen, iaz hiru egon ziren... Helburua da ezustekoekin jolastea. Urte bakoitzeko baliabideen arabera moldatzen joango gara".
Usurbilgo herri inauteriak
Otsailak 13, ostirala
Urderen etorrera!
18:00 Herri kalejira Kalezarko plazatik abiatuta. Ibilbidea: Pelaioenea, Egurtzegi, Txirikorda, Errekatxiki, Olanonea, Mikel Laboa Plaza. Mozorrotu Usurbilgo Inauterietako pertsonaiez (Angularia, Harraparia, Lamia eta Zakua) eta etor zaitez gurekin Urderen inauterietako izpirituaren bila! Apaindu zuen balkoiak zapiekin".
Oharra: euria balitz, ibilbidea egokituko dute.
Antolatzaileak: herriko hainbat eragile elkarlanean.
