Greba orokorrerako deialdia egin aurretik, gogora ekarri dute sindikatuek bi lan-ildo jorratu dituztela. "Batetik, bertako eskumenen baitan, patronalekin negoziazio-mahaia irekitzeko saiakera eginez. Bestetik, eskumen berriak lortzeko bidean, sindikatuek herri ekimen legegilea bultzatu dute, eta horren alde 138.495 sinadura jaso zituzten, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezarri ahal izateko".
Aldiz, "patronalak eta euren mesedera lerrokatu diren alderdi politikoek" bi bideok blokeatu dizkietela salatu dute. Horiez gain, hirugarren bide bat zabaldu beharra ere aldarrikatu dute. "Ezinbestekoa da gutxieneko soldataren afera EAEn zein Nafarroan estatus juridiko-politikoaren berrikuntzan ezinbesteko aldarrikapen gisa kokatzea".
Ildo horiek jorratzeko Hego Euskal Herriko bi gobernu nagusiek duten erantzukizuna nabarmendu dute sindikatuek. "Ezin da soldaten galera orokortuaren aurrean neutralitatea mantendu, ezta lan-baldintzen okertzearen aurrean albo batera begiratu ere. Gutxieneko soldata duin baten aldeko neurriak hartzea borondate politiko kontua dela", nabarmendu dute.
Langileei grebarekin bat egitera deitu dituzte. "Datozen asteetan, grebaren arrazoiak eta helburuak azaltzen eta lantzen jarraituko dute, lan zentroz lan zentro eta auzo eta herrietan antolatuko dituzten ekimen eta batzarren bidez".
