"Euskara praktikatzeko oso era naturala da, erraza, konfiantzazkoa"

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 16a

Euskara ahotan gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hartzeko egitasmoaren berri duzue lerrootan. Mintzalagun egitasmoaz ari gara. Ondoko argazkiko herritar taldeak urtebete darama astero, euskara ahotan hartu eta biziberritzen. 

Arratsaldero herriko terrazetan aurki daitekeen ohiko lagunarte baten irudia duzue ondokoa. Goraipatzeko moduko berezitasun bat badute, ordea; euskaraz lasai aritzeko, konfiantzazko gunea eraiki dute azken urtebetean. Boskotea bistaz ezaguna zen, kide batzuk elkarren artean aurrez bazuten harremanik, baina aipatu moduan, talde gisa ez. Euskarak batu zituen duela urtebete. lehen aldiz, Potxoenean; Mintzalagun egitasmoak hain zuzen. Haiekin bildu da hedabide hau. 

Plan ederra
Aurrez bakoitzak bere aldetik izena eman ostean, bertan elkartu zen taldea estreinakoz elkar ezagutu eta orain arte jorraturiko bideari ekiteko. "Euskaldun zaharra naiz. Egitasmoaren berri izanda, euskararen alde zerbait egiteko modua zela pentsatu nuen. Horrekin batera, jendea ezagutzeko aukera emango zidala" adierazi zigun Itziar Ruedak. Izan ere, egitasmo honek ere herritarren arteko harremantzea sustatzen du, "jendea sakonago ezagutu edo harreman berriak egitea". Ildo beretik mintzatu zitzaigun baita Ainhoa Bereziartua ere. "Euskarara gerturatzeko zailtasunak dituena laguntzeko zer egin handia dugula iruditzen zait. Euskalduntzeko gogoa duen horri lagundu behar diogula nolabait". Lur Etxeberriak gaineratu zuenez, laguntza hori ahalegin bat izan daitekeela iruditu arren hasieran, "plan eder batean bilakatzen da. Azkenean, lagunarte berri bat sortzen duzu, herrikoa gainera". Izan ere, Mintzalagun egitasmoari esker izan ez balitz, "ez ginen elkartuko inondik inora". 

Euskarara lotzea
Noelia Perez, euskaltegian hasi zen euskara lantzen. B2 agiria eskuratu ostean, mintzapratika saio hauetan parte hartzeko gogoz zen. "Ideia ona izan zen. Oso pozik nago", adierazi digu. Antzeko ibilbidea egina da baita Juli Agudo ere. Duela bizpahiru urte, euskara ikasteko tartea hartu zuen bere ibilbide profesionalaren baitan. Aurrez ikasitakoa indartzeko, bi astez, Lazkaoko barnetegian izan zen. Gerora, "konturatu nintzen, euskarari lotutako lanketa lanean amaitzen zela. Kalean, asko kostatzen zait taldean hitz egitea. Horregatik pentsatu nuen Mintzalagun egitasmoan izena ematea, zailtasun gutxiago izateko". Eta jada proiektu honetan urtebetez eginiko ibilbideak arrastoa utzi diola adierazi zigun elkarrizketan. "Astean zehar, euskaraz hitz egiten saiatzen naiz, baina hona natorrenean, euskararekin konektatzen dut, ez ahazteko. Oso gustura nago mintzalagunekin".  

Iritzi partekatua izan da taldean. Itziarrek oroitarazi zigunez, duela urtebete, elkar aurkezteko Potxoenean antolatu zitzaien saioan, "oso erraz konektatu genuen. Berehala erabaki genuen, elkartzeko eguna, ordua, lekua". Astero elkartzen dira, kafetxo baten bueltan mintzapraktikarako. Noiz edo noiz joan izan dira hitzaldiren batera elkarrekin. "Ikasten dugu nola izan elkarrizketa bat euskaraz, eroso", nabarmendu zuen Agudok. Euskaraz aritzea zaila izanda, halako konfiantzazko harreman gune horretan "gustura gaude", zioen. Horrek ahalbidetzen dio jende gehiagorekin euskaraz aritzera. "Konfiantza gehiago" izaten lagundu dio Juliri mintzalagun proiektuak. Hitz horiekin bat egin zuen baita Noeliak ere. "Espazio honek konfiantza ematen du. Bultzada da, euskaraz lasaitasunez aritzeko. Garrantzitsuena da, seguru sentitzen naizela. Kafetxo baten bueltan, lagunartean errazagoa da".

Segurtasuna, lasaitasuna, konfiantza aipatu digute euskara ikasten, maila hobetzeko ahaleginean diharduten bidegileek; gainerako hiru bidelagunekiko esker ona. Taldean diren hiru bidelagunen esanetan, lehen hitza euskaraz egiten presenteago izaten laguntzen die egitasmo honek. "Euskararen aldeko kontzientzia eta konpromisoa mantentzen laguntzen du, presente izaten, ez ahazten", Itziarren esanetan. Mintzalagunek egin dion ekarpen nagusi gisa definitu zigun Ruedak. Ikuspegia aldatzen lagundu diola zioen, bestalde, Ainhoak. Eremu erabat euskaldunean bizita, hizkuntza berean hitz egiteko eremu lasaiak izateko zailtasunak dituzten herrikideak ezagututa, "horrek kontzienteago egiten nau, espazio horiek sortzea errazten lagundu beharko genukeela. Izan ere, giro erabat euskaldunean bizi garenoi horretaz jabetzea, agian, kosta egiten zaigu".

Elkarrekin ikasten 
Argi da, hitz egiteko gunea baina elkar ikustekoa ere badela espazio hau. "Askotan norbait euskaraz mantso ari bada, ohitura dugu erdarara jotzekoa. Hemen, patsadaz hitz egin eta entzuten ikasten da", gaineratu zigun Etxeberriak. Horretan eta euskarari lotutako zenbait zalantza argitzen, zalantza horiek partekatzen eta argitzen ahalegintzen dira. "Guk euskara belarriz ikasi dugu. Ondorioz, gramatikari lotutako zalantzak sortzen dira". Bistan denez, zalantzak partekatu, argitu eta batera ikasi ere egiten dute denek. "Ez gara konturatzen, baina urtebetean soltura handia hartu duzue", adierazi zien elkarrizketan Etxeberriak Noeliari eta Juliri.

Parte hartzeko deia 
Hamaika izan daitezke Mintzalagun egitasmoarekin bat egiteko arrazoiak. Horregatik, zalantza txikiena izanda, izena emateko dei egin digu boskoteak. "Euskara praktikatzeko oso era naturala da, erraza, konfiantzazkoa", Itziarren esanetan. Hasten denak segi egiten duela gaineratu digute, eta "ez da esfortzua". Biek irabazten dute haien esanetan, bidegileek zein bidelagunek. "Euskararen aldeko kontzientzia mantentzeko oso modu polita da", Ruedaren esanetan. Segitzeko asmotan dira, entzun genienez, bazkari bat antolatu asmo dute.

Talde honen osaera bideratzen aritu zen iaz Taupa mugimendutik Imanol Furundarena herrikidea. Malen Arregik hartu du hilabeteotan bere lekukoa. Arregik gogorarazi digunez, izen-emateak zabalik segitzen du. Talde gehiago sortzeko asmotan dira. Lerrootakoa bezala, "euskara erabiltzeko espazio seguruak sortzen" dihardute. Bete beharreko baldintza bakarra, "euskaraz hitz egiteko gaitasuna izatea" da, elkarrizketak izateko adina maila izatea alegia. "Hasierako laguntza ematen dut. Hortik aurrera, talde bakoitzaren nahi, gogo eta beharren arabera, haiek antolatu eta autonomoki aritzen dira". Izena online eman daiteke taupamugimendua.eus/mintzapraktika helbidean. Eskuorriak eskuragarri dituzue bestela, NOAUA! K.E.-ren egoitzan nahiz Potxoenean.