Haizeagatik abisu horian segiko dugu egunotan

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 12a

100 kilometro inguruko haize-boladak izan ditzakegu ostiralean eta larunbatean, otsailaren 13an eta 14an.

Gauerditik ostegun eguerdi honetara indarrean izandako abisu horia berriz jarriko dute indarrean ostiral eta larunbat honetan, otsailaren 13an eta 14an hurrenez hurren. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, ostiral arratsaldeko 18:00etan hasi eta larunbat eguerdiko 12:00ak arte izango da indarrean haizeagatik. Haizeguneetan, "mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladak 100 kilometo ordu ingurukoak izan daitezke". Haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, "60-80 kilometro orduko ingurukoak izan daitezke". 

Giro honekin, ostegun honetan, otsailaren 12an, "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Baliteke han-hemenka euri txikia egitea. Mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin; eguerditik aurrera ahuldu egingo da eta arratsaldean hego-mendebaldera egin eta ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura nahikoa jaitsiko da".

Ostiralean, hilaren 13an, "goizean hodeitza handituz joango da zerua oso hodeitsu edo estalita gelditu arte. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago eta ugariago egingo du egunaren bigarren partean. Egunaren amaieran trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Arratsaldean haizea ipar-mendebaldera aldatuko da ahul-bizi, bolada gogorrekin. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da".

Larunbatean, hilaren 14an, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da; egunaren amaieran ostarte batzuk zabalduko dira. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago egingo du eta ugariagoa izango da egunaren lehen partean; baliteke zenbait tokitan trumoitsuak izatea eta txingorra egitea. Arratsalde-gauean atertzeko joera hartuko du. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Arratsaldetik aurrera indarra galduko du. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.