Euskal Herriko 17. Mus Txapelketako saioaren hitzordua finkatu dute

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 12a

Euskal Herriko 17. Mus Txapelketaren baitako herri mailako kanporaketa saioa otsailaren 22an jokatuko dela iragarri dute.

Lehia bizia eragiten duen jokorik baldin bada Euskal Herrian eta Usurbilen, horien artean da musa. Usurbilgo herri eta auzoetako uda parteko jaietan ez da falta joko horri lotutako txapelketarik. Denboraldi horretatik kanpo, negu partean ere izaten da orain, bueltan datorkigun beste hitzordu estimatua ere; Euskal Herriko Mus Txapelketa.

Dagoeneko hamazazpigarren edizioa jokoan da. Otsailaren 22ra arte, herriz herriko kanporaketa saioen fasean da lehiaketa. 230 bat herrietan ari dira antolatzen saiook. Usurbilgoa noiz izango den zehaztu dute; fasen horren azken txanpan, hilaren 22an bertan jokatuko da herriko tabernetan, 15:30-16:00 artean Bentan izena ematen duten bikoteen artean.

Saio horretan sailkatutakoak Antzuolako Gipuzkoa mailako finalera igaroko dira, eta fase hori gainditutakoak oraingoan, Amasa-Villabonan lehiatuko den Euskal Herri mailako final handira igaroko dira.

"Gazteen eta emakumeen parte hartzea indartzen"
2009an 1.120 bikoterekin abiarazitako lehiaren baitan, inoiz izandako parte hartzaile kopuru handiena erakarri zuen iaz nazio mailako lehiaketa honek; guztira, Euskal Herri osoko 2.515 bikoteek parte hartu zuten. Nafarroa Garaiko Leitza eta Etxarri-Aranazko bikoteen artean jokatu zen finala. Leitzarrak nagusitu ziren azkenean.

Federaziotik jakinarazi dutenez, "gazteen eta emakumeen parte hartzea indartzen ari da. Lanean jarraituko dugu joera hau indartu eta zabaldu dadin".

"Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta mus txapelketa ezberdinak antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko" ekin zioten txapelketa honen antolakuntzari 2009an. Ibilbide horretan sortu zuten Euskal Herriko Mus Federazioa. "Zazpi herrialdeetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindik, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta aldi berean nazio kontzientzia indartu".


Euskal Herriko 17. Mus Txapelketa
Otsailak 22, igandea
Usurbilgo kanporaketa saioa:
15:30-16:00
Izen-ematea Benta tabernan.
16:00 Euskal Herriko 17. Mus Txapelketaren herri mailako kanporaketa saioa, herriko tabernetan.
Laguntzaileak: Saizar eta Aginaga sagardotegiak eta Bruño mariskoak.

Faseak:
Otsailaren 22ra arte
Herriz herriko kanporaketa. Usurbilgoa otsailaren 22an

Martxoak 7, larunbata
15:00 Gipuzkoako herrialdeko kanporaketa Antzuolako udal pilotalekuan.

Martxoak 28, larunbata
Final nazionala, Amasa-Villabonan.

50.000 eurotik gora sarietan:
Txapeldunak: txapela, garaikurra, 3.000€ eta nazioartera* bidaia lau lagunentzat. (*KARIBERA dena barne).
-Txapeldunordeak: garaikurra, 1.500€ eta bi lagunentzat nazioartera* bidaia. (*KARIBERA dena barne).
-3. bikote sailkatua: 750€ eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat.
-4. bikote sailkatua: 500€ eta euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula.
-5.etik 8.era sailkaturiko bikoteentzat 250€.
-9.etik 16.era sailkaturiko bikoteentzat 100€.
-Herrialdeko finaletan: txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak...

Oharrak:
-Euskal Herriko Mus Federazioak txapelketarako prestaturiko arauen arabera jokatuko da.
-Txapelketako arauak eskura izango dituzue lehen saiotik, webgunean ere.
-Epaileen erabakiak mugiezinak izango dira.

Informazio gehiago: ehmus.eus
Antolatzailea: Euskal Herriko Mus Federazioa.