Inauteriak

Eguraldia tarteko, aldaketak inauterien ospakizunetan

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 12a

Negu garaiko giro bustia izango dugu ate joka ditugun inauteriotan. Ondorioz, zenbait hitzordu moldatzen hasiak dira

Inauterien atarian gara dagoeneko. Gogoan izan, bi ospakizun egun antolatuak daude Usurbilen. Lehenengoa, ostiral honetarako, otsailaren 13rako dago iragarria ikastetxeen jaialdiarekin eta Urderen etorrera irudikatuko duen herri inauteriekin. Biharamunean, hilaren 14an izango da bigarren ospakizun eguna, munduko ospakizunen mozorro festarekin.

Eguraldi iragarpenen arabera, euria izango dute bidelagun aurtengo inauteriek. Ondorioz, jada aurreikusiak zeuden hitzorduetan zenbait moldaketa txertatzen hasiak dira antolatzaileak. Udarregi ikastolaren kasuan, LH eta DBH-koekin ostiral goizeko 11:00etan herrian barrena egitekoak zuten urteroko desfile koloretsua bertan behera utzi dute. Horrez gain, HH-koek 10:30etan Mikel Laboa plazan eskaintzekoa zuten emanaldia Agerialdeko frontoian egingo dute.

Bestalde, iluntzean helduko dira Urde eta berarekin, beste hainbat lagun (lagun berriak, tartean) gure artera. Bere etorrera irudikatuko duten Usurbilgo herri inauteriei lotutako kalejira antolatu dute lankidetzan hainbat herri eragileek. Ekimena egin egingo dela iragarria dute, baina euria bada, ibilbidea moldatu asmo dute. Orbeldi Dantza Taldekoen sare sozialei adi egoteko deia egina dute.

 

Inauteriak 2026
Otsailak 13, ostirala
Aginagako eskola
15:00ak aldera, Eskolakoen ospakizuna. "Aurten euskal inauterien gaia jorratuko dugu eta eguraldi onak laguntzen badigu, kalean ospatuko ditugu!".
Antolatzailea: Aginagako eskola.

Udarregi ikastola
10:40 HHko ikasleek Agerialdeko frontoian, "zaku mozorroak jantzita, urteroko dantzak egingo dituzte: Makilakixki, Orpo Punta, Mielotxin eta Ziripot eta Axuri Beltza.
11:00 Bertan behera LHko eta DBHko ikasleen "martxa".
11:45 DBHko ikasleen emanaldia Oiardo kiroldegian. "Hiri tribuez jantziko dira, hala nola, skater, pijo, emo eta antzeko estiloak irudikatuz, gaur egungo gazte-kulturaren aniztasuna erakusteko ikuskizuna aurkeztuko digute".
15:30 LHko ikasleen emanaldia Oiardo kiroldegian. Gaia: "Arrastaluren irudiak askatasunean". "Carlos Zabala "Arrastalu" artista sortzailearen Askatasuna plazako irudiak Inauteri festara gehituko dira. Udarregitik 6 pareta hartu dituzte, maila bakoitzari berea izendatu eta irudiei bizitza emanez, dantzarako prest izango dituzte datorren ostiralerako. Sei pareta horien irudiak ikusiz, izendapen hauek bururatu zaizkie Udarregikoei: Baserri Giroa, Oilasko Biltzea, Herriko eta Herritarren Bitxikeriak, Herriko Pertsonaiak eta..., Herri Aniztasuna eta Kirolariak".
Antolatzailea: Udarregi ikastola.


Usurbilgo herri inauteriak
Urderen etorrera! 
18:00 Herri kalejira Kalezarko plazatik abiatuta. Ibilbidea: Pelaioenea, Egurtzegi, Txirikorda, Errekatxiki, Olanonea, Mikel Laboa Plaza. Mozorrotu Usurbilgo Inauterietako pertsonaiez (Angularia, Harraparia, Lamia eta Zakua) eta etor zaitez gurekin Urderen inauterietako izpirituaren bila! Apaindu zuen balkoiak zapiekin". 
Oharra: euria balitz, ibilbidea egokituko dute.
Antolatzaileak: herriko hainbat eragile elkarlanean.


Otsailak 14, larunbata
Inauteri festa: "Munduko ospakizunak"
18:00 Kalejira Burrunbazale txarangarekin.
22:30 Itzal erromeri taldearen emanaldia frontoian.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.