#M17

Martxoaren 17ko greba orokorrera begira lehen batzarra egin dute Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 12a

ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek gutxieneko soldata EAE eta Nafarroan erabakitzearen aldeko greba deitu dute martxoaren 17an. 

ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.500 eurora igo nahi dute. Confebask eta CEN patronalekin negoziazio mahaia irekitzen saiatu dira, baina ezezkoa jasota greba orokorra deitu dute martxoaren 17rako. 

Negoziazio mahaia irekitzeaz gain, sindikatuek herri ekimen legegile bat ireki dute Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) EAEn eta Nafarroan ezarri ahal izateko. Horretarako, 138.495 sinadura jaso dituzte. "EAJ-PSEren Jaurlaritzak, PP eta Vox bidelagun hartuta, baztertu egin du herritarrek babestutako herri ekimen legegilea", sindikatuek salatu dutenez. 

Ildo horiek jorratzeko Hego Euskal Herriko bi gobernu nagusiek duten erantzukizuna nabarmendu dute sindikatuek. "Ezin da soldaten galera orokortuaren aurrean neutralitatea mantendu, ezta lan-baldintzen okertzearen aurrean albo batera begiratu ere. Gutxieneko soldata duin baten aldeko neurriak hartzea borondate politiko kontua dela", nabarmendu dute.

Horregatik, Hego Euskal Herriko bi gobernuei eta alderdiei Langileen Estatutuko 27.artikulua aldatzeko eskatu diete. Legeak Espainiako gobernuaren esku uzten du LGSa ezartzea, eta sindikatuek EAEko eta Nafarroako gobernuen esku utzi nahi du "burujabetza handiagoa" izateko, azaldu dutenez.

Langileei grebarekin bat egitera deitu dituzte. "Datozen asteetan, grebaren arrazoiak eta helburuak azaltzen eta lantzen jarraituko dute, lan zentroz lan zentro eta auzo eta herrietan antolatuko dituzten ekimen eta batzarren bidez". 

Usurbilen batzarra

Gaur, herritarren batzordeak deituta batzarra egin dute Potxoenean greba orokorra prestatzen joateko. Guztira, 13 pertsona gerturatu dira.