Abisu horian larunbat eguerdira arte, euriagatik eta haizeagatik

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 13a

80-100 kilometro orduko haize-boladengatik eta 24 orduko tartean, metro karratuko 60-80 litro artean pilatu daitezkeelako, abisu hori bikoitza izango dugu indarrean ostiral eta larunbat honetan.

Urte garai honi dagokion moduan, negu giroa izango dugu inauterien asteburu honetan. Egun euritsu eta haizetsuak datozkigu. Horren harira, abisu hori bikoitza izango da indarrean gaurtik, hilaren 13tik hilaren 14ra. Alde batetik, haizeagatik abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak, ostiral honetan, otsailaren 13an, arratsaldeko 15:00etan hasi eta larunbat eguerdiko 12:00ak arte. Tarte horretan, "ipar-mendebaldeko haize-boladak Bizkaia eta Gipuzkoako haizeguneetan 100 km/h ingurukoak izan daitezke"; haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak". 

Bestalde, prezipitazio iraunkorragatik ere abisu horian izango gara 24 orduz, ostiral eguerdiko 12:00etan hasi eta larunbat eguerdiko 12:00ak arte. Tarte horretan, Euskalmet-en arabera, "Kantauri isurialdeako zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke. Kantauri isurialdearen barnealdean pilatuko da litro kopuru handiena, 60-80 l/m² inguru, eta kostaldean 20-50 l/m² inguru pila daiteke".

Aipatu meteorologia agentziak zehaztu duenez, "zaparrada ertainak sarri egingo ditu eta oso ugariak izango dira, bereziki Kantauri isurialdearen barnealdean. Baliteke zenbait lekutan zaparradak handiak eta trumoitsuak izatea eta txingorra egitea". 

Astebururako eguraldi iragarpena
Giro honekin, Euskalmet-ek iragarri duenez, Usurbilen ostiral "goizean hodeitza handituz joango da zerua oso hodeitsu edo estalita gelditu arte. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago eta ugariago egingo du egunaren bigarren partean. Egunaren amaieran trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Arratsaldean haizea ipar-mendebaldera aldatuko da ahul-bizi, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da.".

Larunbatean, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da; egunaren amaieran ostarte batzuk zabalduko dira. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago egingo du eta ugariagoa izango da egunaren lehen partean; baliteke zenbait tokitan trumoitsuak izatea eta txingorra egitea. Arratsalde-gauean atertzeko joera hartuko du. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Arratsaldetik aurrera indarra galduko du. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da".

Igandean, "goizean lanbroa eta lainoa sortuko dira. Zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txikia egin dezake han-hemenka eta noizbehinka. Mendebal-osagaiko haizea ibiliko da, ahul-bizi, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.