Inauteriak

Mielotxin eta Ziripotekin batera, zaku koloretsudun gaztetxoenek hartu dute Agerialdeko frontoia

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 13a

Ohikoak izan baina urtero desberdin plazaratzen dituzten dantzen saio koloretsua eskaini dute Udarregi ikastolako HH-koek ostiral goiz honetan, Agerialdeko frontoian. Euriak Mikel Laboa plazara irtetea eragotzi die.

Negu giroak baldintzatuko ditu hein handi batean egunotako inauterietako ospakizunak. Baina hemen dira eta festa giroa gailentzen hasia da. Albiste honi atxikitako irudiok dituzue horren adierazle. Udarregi ikastolako Haur Hezkuntzako gaztetxoak dituzue, zaku koloretsuekin atera dira urtero moduan ostiral goiz honetan, dantzara; oraingo honetan, ordea, ikastola atariko frontoira, Agerialdeko gune estalira hain zuzen.

Ostiral hau, otsailaren 13a, iragarri bezala, euritan esnatu zaigu. Izatez, ikastolatik Mikel Laboa plazara jaistekoak ziren HH-koak, Zumetaren muralaren parean urteroko dantzen erakustaldia egitera. Ezinezkoa izan zaie, ordea. Agerialdeko frontoian eskaini behar izan dute saioa, azkenean.

Ohiko dantzak eta hutsik egin ez duten bisitariak izan dituzte aurtengoan ere. Mielotxin eta Ziripot agertu eta batu zaizkie dantzara. Makilakixki, Orpo Punta, edota Axuri Beltza dantzatu dizkiete, eremu estalira bisitan joandako senide eta lagunei.

Iaio asko dantzatu dute. Urtero saioak osagai aldetik ez du desberdintasunik izaten, baina gaztetxoenen naturaltasunak ezberdin egiten du, inauterietan murgiltzen gaituen lehen hitzordu hau.