LH-koekin desfilatzekoak ziren herrian barrena, baina ostiral goiz euritsuak eragotzi die. Ondorioz, Udarregi ikastolako DBH-koak ikastolatik zuzenean jo dute Oiardo kiroldegiko kirol pistara, urteroko ikuskizuna eskaintzera, harmailak goraino bete dituzten senide eta lagunen, nahiz LH-ko ikasleen aurrera.
Dantzan sartu dira gaurkoan kultur sorkuntza partekatzeko oholtzan bilakaturiko udal instalakuntzetara, nor bere klasekideekin, nor bere tribuarekin. Izan ere, hiri-tribuetan antolatu dira aurten, 12-16 urte arteko ikasleak. Gogotik egin dute dantza, gehienontzat aski ezagunak diren euskal abestien nahiz haien bertsioen erritmo bizien arabera.
Estilo, janzkera, kultura ezberdinetako tribuen fusioa oholtzaratu dute Udarregi ikastolako ikasle helduenek, antolatzaileek iragarria zuten moduan. "Hiri tribuez jantziko dira, hala nola, skater, pijo, emo eta antzeko estiloak irudikatuz, gaur egungo gazte-kulturaren aniztasuna erakusteko ikuskizuna aurkeztuko digute".
Halaxe izan da. Emanaldi amaieran, azken urteotako ohitura berrituz, irakasleek ere hartu dute Oiardoko oholtza. Gogotik txalotu dute beste urte batez, DBHkoen emanaldia.