Hogei urte bete zituen 2022an Askatasuna plazak. 2022koa da aipatu herri erdiguneko enparantza. Handik gutxira, horma grisak koloreztatu eta biziberritu zituzten Karlos Zabala herrikide sortzaileak ondutako irudiek. Ordutik, herri honen nortasunari lotutako irudiek inguratu izan dute Askatasuna plaza. 2022an, plazak hogei urte betetakoan, hondatzen joandako hainbat irudi konpondu eta berriak txertatu zituen Zabalak, Usurbilgo Udalaren eskariz.
Txertatutako irudi berrien artean ziren, Usurbilen urteotako bilakaera definitutako jatorri aniztasunak islaturikoak. Gainerakoan, herritarrak, lanbideak, euskal kulturan edo kirol munduan ezagun direnak, paisaiak, kultur adierazpenak... denetariko irudiak aurki ditzakezue Askatasuna plazara gerturatzen bazarete.
"Arrastaluren irudiak askatasunean"
Ostiral honetan, otsailaren 13an, ordea, ez da horren beharrik izan. Izan ere, irudiok biziberritu dituzte, mugimenduan jarri, horiek antzeztu dituzten Udarregi ikastolako LHko ikasleek. Emanaldi hasieran, haren zuzendari Jaione Eskuderok gogorarazi moduan, "Askatasuna plazako paretetik askatuko dira gaur hemen gurekin egoteko". Askatasuna plazatik askatu dituzte irudiok mugimenduan jartzeko. Lehen mailatik hasi eta seigarrenera arte, Oiardo kiroldegian bazkalostean eskainitako ikuskizunean Zabala bera eta bere Askatasuna plazako sormen lan bilduma omendu nahi izan dute.
"Arrastaluren irudiak askatasunean", izen horixe jarri diote kiroldegiko harmailak goraino betetako emanaldiari. "Carlos Zabala "Arrastalu" artista sortzailearen Askatasuna plazako irudiak Inauteri festara gehituko dira", iragarria zuten ikastolatik. Hala, "Udarregitik 6 pareta hartu dituzte, maila bakoitzari berea izendatu eta irudiei bizitza emanez, dantzarako prest" jarri dituzte. "Sei pareta horien irudiak ikusiz, izendapen hauek bururatu zaizkie Udarregikoei: Baserri Giroa, Oilasko Biltzea, Herriko eta Herritarren Bitxikeriak, Herriko Pertsonaiak eta..., Herri Aniztasuna eta Kirolariak".
Emaitza, albiste honi atxikitako irudiotan duzue. Irudiez ari garela, irudi bizidunok amaieran talde argazkia atera eta txalotu nahi izan dute bertaraturikoek Askatasuna plazako sormen lana eta bere egilea. "Ia bizitza osoa Usurbilen emandako artista sortzailea", dela gogorarazi digu emanaldiaren zuzendari eta musikako irakasle Jaione Eskuderok.
Ikastolako langilea izandakoari, "aintzatespena eman nahiko genioke gaurkoan". Eskerrak helarazi dizkiote Zabalari, "egindako lanagatik, plazari herriaren izaera hain bereziki txertatzeagatik. Ikusten duzuen bezala, hemen duzue Askatasuna plaza".