Ez zen giro, kalejirak hasi behar zuen unean. Abisu hori betean, haize eta euri erauntsiak ziren Kalezarko plazatik herri inauteriei ekiteko unean. Ezinbestean, antolatzaileek prestatua zuten "B planari" heldu behar izan diote.
Urderen eta bere hainbat lagunen etorrera irudikatu behar zuen herri inauterietako kalejira bertan behera utzi behar izan dute azken orduan. Hiru geltoki estali hautatu dituzte herri inauteriei lekua egiteko. Haietan lehenengoa, aurreikusitako abiapuntua izan da. Kalezarko plazan hastekoa zuten herri inauteriei lotutako bira. Eguraldiak, barrura sarrarazi du festa giroa, kasu honetan, Belmonte auzo elkartearen eta Emakumeon Etxearen egoitza den Pelaioeneara.
Kalejiran irten ezinik geratu diren Lauburu Usurbilgo Buruhandi eta Erraldoien Konpartsako buruhandi berriekin egoteko aukera izan dute hara joandakoek. Adarjoleen ongi etorriarekin, goiko ganbaran Urderi lotutako ipuin kontaketa ederra eskaini die Ixabel Agirresarobek.
Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa izan da herri inauterion bigarren geltokia. Bertsotan aritu dira, Urderen lagunak; zakua, anguleroa, harraparia eta lamia. Harrapariak hantxe agertu dira bapatean, Txirikordako goiko solairuetatik. Haiekin, denak frontoira abiatu dira.
Ezin izan dute geldialdirik egin aurreikusia zuten moduan Errekatxikiko parkean edota Olanoeneko plazan.
Sutegitik
Negu giro gogorrari festarako gogoz erantzun diete pilotalekuan bildutakoek; irudiotan ikus dezakezuen moduan, kantuan eta dantzan. Eta bai, ezustean agertu da azken orduan, herri inauterion izpiritua; Urde, Sutegiko leihoetako batetik agurtu ditu herritarrak.
Bistan denez, eguraldiak hein handi batean, eragotzi du herri inauteriak antolatu bezala ospatzea. Baina irudiok erakutsi dutenez, ahaleginak merezi izan du.
Gogoan izan, Orbeldi Dantza Taldearekin batera, Gaztelekua, Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Ziortza Gazte Elkartea, Txirikorda, Belmonte auzo elkartea, Usurbilgo Joaldunak, Zumarte Musika Eskola, Arrobitxulo, NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Euskal Kantu Taldea, eragile horiek guztiak batu dira aurtengo herri inauteriak prestatzeko lankidetzara.
Halere, haiek denek sarritan errepikatu moduan, festak herriarena izatea nahi dute.
Erronka festa plazaratzeaz gain, herri inauteriok egiteko ohitura errotzea da eta baldintza zailenetan ere, gaurkoan beste urrats garrantzitsua eman dute norabide horretan.