Gutxitan hainbeste eta hain ospakizun ezberdinak elkarrekin, eremu txiki askoan. Denak gaurko Usurbilgo inauteri festan batu dira. Ospakizunen ospakizun herria bilakarazi dute. Azken urteotan nagusitzen joandako joerari jarraiki, gainera, mozorrotu soilik ez, bidelaguntza izan dute lagun kuadrillek. Aurtengoan ere, askotariko karrozak ikusi ditugu.
Bertako nahiz urrunagoko ospakizunak erakarri dituzte usurbildarrek. Karroza edota antzeko bitarteko ibiltarien bueltan ospatu da San Ferminetako aurtengo lehen entzierroa uztailaren 7ra arte zain egon beharrik izan gabe. Eta Txiriboga parean abiarazitako entzierroarekin batera, jaitsiarazi dute Zeledon Paris etxeko balkoitik. Alardearen bueltan bizi den gatazka ere ezinhobeto irudikatu du beste talde batek.
Prozesioak ere kalean gora eta behera ibili dira. Edota dantzan eta kantuan plazaratu dira baita, munduko kultura ezberdinetako ospakizunetan murgildutakoak ere. Tartean, Usurbilgo kulturan ezin errotuagoa den ospakizunik ere ekarri digute herri erdigunera; Sagardo Eguneko postu ibiltariak ikusi ditugu, sagardoa zuzenean zerbitzatzen. Eta hain estimatuak diren buruhandiak eta txistulariak ere bisitan izan ditugu. Eta txarangarik ez da falta izan; tartean, bat Potxoenea izenekoa.
Euria gogotik egindako ospakizun egun hau hasi berritan, eguerdi partean, kalean gora eta behera herri erdigunean barrena ibilitako hainbat talde dituzue irudiotan: