Ostiral eta larunbat goizeko ekaitz giroaren ondotik, berriz ere euri ugari egin dezake aste hasiera honetan. Izan ere, gauerdiaz geroztik abisu horian gaude prezipitazio iraunkorragatik, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. Eta hala segiko dugu astearte goizeko 9:00ak arte. Tarte horretan, "Kantauri isurialdeako zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daiteke. Kantauri isurialdean zaparrada ertainak sarri egingo ditu eta oso ugariak izango dira", jakinarazi du Euskalmet-ek.
Hala, aipatu meteorologia agentziak iragarri duenez, gaur "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du eta ugaria eta iraunkorra izan daiteke. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin haizeguneetan; egunaren lehenengo partean hego-mendebaldeko nagusituko da eta bigarrenean ipar-mendebaldekoa. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".
Asteartean, hilaren 17an ere "zerua oso hodeitsu eta estalita egongo da; arratsaldean hodeiak gutxituko dira eta gauean zerua tarteka hodeitsu geratuko da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du; arratsaldean atertzera egingo du. Mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin; gauean hego/hego-ekialdera egingo du. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi igoko dira".
Astezkenean, hilaren 18an, "goizean lanbroa eta lainoa sortuko dira. Zerua tarteka hodeitsu egongo da, bereziki egunaren bigarren partean. Egunaren bigarren partean zaparrada txikiak botako ditu, zenbait lekutan ertainak. Hego/hego-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da bolada gogorrekin, eta oso gogor batzuekin; arratsalde-gau partean mendebal-osagaira egingo du eta haizeak indarra hartuko du. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoek berdin jarraitu edo gutxi jaitsiko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.