Udala, gertu

Urrats berri bat, udalbatzaren osoko bilkuren digitalizazioan

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 17a

Osoko bilkurak zuzenean jarraitzeko aukeraz gain, aurrerantzean, saiook bideo akten bidez ikusteko aukera izango duzue.

Uda amaieraz geroztik, 2025eko irailetik zuzenean ikus daitezke udalbatzaren hileroko ohiko osoko bilkurak, baita, tarteka deitu ohi dituzten ezohiko izaerakoak ere. Orain, beste urrats bat ematea erabaki du Usurbilgo Udalak alor horren digitalizazio prozesuan, osoko bilkura horiek ikustea erraztuko duena. Izan ere, jakinarazi dutenez, bideo akten tresna abiarazi du. "Osoko bilkurako edukiak sailkatuta erakusten ditu, puntuka eta bakoitzean parte hartzen duten hizlariak zehaztuta, eta, horrekin batera, lau hizkuntzatan azpititulatuta", zehaztu dute Udaletik. Tresna berri hau inplementatzeko zereginotan esperientziaduna den Goiena kontratatu du Udalak. "Osoko bilkuren aretoko sistemarekin bideoa grabatu eta Goienaren esku uzten du udalak, bideo akta forma eman diezaion. Hala, aurrerantzean, bilkurak izan eta egun batzuetara ikusgarri jarriko dira udalaren webgunean".

Dagoeneko tresna berri hau baliatuta ikus dezakezue, pasa den urtarrilaren 30ean udalbatzak eginiko osoko bilkura. Aurrerantzean, beraz, datozen osoko bilkurak ere modu berean ikusteko aukera izango duzue. "Bideoaren ondoan bilkurako gaien zerrenda ageri da: erabiltzaileak aukera dezake osorik ala puntu bat edo beste ikusi nahi duen, eta, era berean, puntu bakoitzean hitz egiten duen hizlariaren araberako sailkapena ere egiten du. Azpititulurik gabe edo azpititulatuta ikus daitezke bideoak; euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskaintzen dira, eta irakurketa erosoa eta irisgarria izateko ezarpenak aldatzeko aukera ematen du. Azpitituluak itzultzaile automatikoarekin sortuak dira, bideoaren audioa transkribatu ostean".

Zuzenean lehenbizi eta gero, bideo akten bidez
Honenbestez, orain arte bezala, aurrerantzean ere Usurbilgo Udalak Youtuben duen kanalaren bidez zuzenean ikusi ahalko dituzue udalbatzaren osoko bilkurak, @usurbiludala4589 helbidean hain zuzen. Gero, zuzeneko emanaldi horiek aipatu plataforman jasoak geratzen dira eta bertan ikusi ahalko dituzue noiznahi, baina baita Usurbilgo Udalaren usurbil.bideoaktak.eus atarian ere. Helbide horretan ikusi ahalko dituzue saio hauen guztien bideo aktak. "Kide anitzeko organoen funtzionamendu elektronikoaren ordenantzari eta Udala, gertu misioari jarraiki" eman du urrats berria Usurbilgo Udalak; "bideo grabazio huts izatetik, bideo aktarako jauzia egitea, alegia".