2024ko apirila hasieran jarri zuen martxan Usurbilgo Udalak udal erregistroaren atarian dagoen albiste honi atxikitako irudiko makina. Helburu argia zuen: tramiteak erraztea. Izan ere, gailu horrek udal izapideok nork bere kontutik egitea ahalbidetzen du ordutik.
"Hasieran, errolda agiria atera eta zenbait ordainketa egiteko aukera emango du, eta, pixkanaka, funtzio gehiago instalatu eta zerbitzu zabalagoa eskainiko du", iragarri zuten makina hori martxan jarri berritan Usurbilgo Udaletik. Makina erabiltzeko ordutegia ere finkatu zuten; Udaltzaingoarena hain zuzen: astelehenetik ostiralera 07:30etik 21:00etara eta larunbatetan, 09:00etatik 21:00etara.
Usurbilkultura.eus plataformak sarrerak salgai
Makina hau jarri zutenetik ia bi urte igaro diren honetan, izapide gehiago egiteko aukera zabaltzen joan da Udala. Egun, jada, "errolda agiria eskuratu daiteke, ordainagiriak eta isunak ordaindu, udalaren webgunera edo egoitza elektronikora sartu eta udal-ekipamenduak erreserbatu".
Orain, beste zerbitzu berri bat ere martxan jarri du Udalak. Izan ere, udal erregistro sarrerako makina horren bidez, usurbilkultura.eus plataforman iragarriak ageri diren ekitaldietarako sarrerak erosteko aukera duzuela jakinarazi du Udalak.
Oraintxe, besteak beste, otsailaren 28an, 18:00etan hasita Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean antolaturiko erromerirako eta bertso-afarirako txartelak erosi ditzakezue udaletxe sarrerako makinaren bidez. Biharamunean, martxoaren lehenean 18:00etan Sutegin izango den "Kolapsoa" antzezlanerako sarrerak ere bide beretik eskura ditzakezue, edota, nola ez, aipatu web orrialdean zuzenean sartuta.