Azken egunotan etenik ez dute abisu horiek. Euriagatik edota haizeagatik kolore horretako ohartarazpenak indarrean izan ostean, asteazken honetan, otsailaren 18an, berriz aktibatuko dute. Izan ere, asteazken goizeko 9:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte abisu horian izango da udalerri hau, Gipuzkoa osoa bezalaxe, haizeagatik haizeguneetan. "Hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Bestalde, haizeguneak ez diren tokietan haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.
Gogoan izan, igande gauerdiaz geroztik, astearte goiz honetako 9:00ak arte indarrean izan da prezipitazio iraunkorragatik abisu horia. Hona hemen, Usurbildik gertuen, Euskalmet-ek Lasarte-Orian duen neurgailuak erregistraturiko datuen berri. Astearte goizalde honetan, 3:00ak aldera, maila horia gainditzear izan du Oriak, baina une horretatik aurrera, ur-emaria murrizten joan da orduen aurrera egin ahala. 
Egunotarako iragarpena
Honenbestez, Euskalmet-en arabera, astearte honetan, otsailaren 17an, Usurbilen, "egunaren hasieran zerua estalita egongo da eta euria egingo du; eguna aurrera joan ahala atertuz joango da eta ostarteak zabalduko dira. Mendebaldeko haizea nagusi, gauean hegoaldetik finkatuko da. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Asteazkenean, hilaren 18an, "hodeiak eta ostarteak. Arratsalde-gau partean zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak egingo ditu. Hego-mendebaldeko haize zakarra eguerdi aldera; arratsaldean mendebaldera aldatuko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Ostegunean, hilaren 19an, "zerua hodeitsu egongo da eta zaparradak egingo ditu, batez ere arratsalde-gau partean. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsi eta maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.