Ohi baino goiztiarrago aurten, otsailaren 26tik martxoaren 18ra izango da Errigoraren “Eskutik eskura egiten dugu herria” kanpaina. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktuak eskuratzearen truke, irabazien laurdena zonalde hartako euskalgintzara bideratuko da beste behin. Oraingo honetan, oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta ardo loteak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorriko prezioan erosi ahalko dituzue. Eskabideak ohi bezala, NOAUA! Kultur Elkartean nahiz errigora.eus bidez egin ahalko dituzue. Xehetasun gehiago hurrengo egunotan.
Korrikaren omendua
Gogoan izan, badatorkigun 24. Korrikak Errigora egitasmoa omendu nahi du. "Hiru ardatz nagusi ditu Errigorak: euskara, auzolana eta elikadura-burujabetza. Aterpe irekia eskaintzen die Ager eremuko herritarrei eta euskalgintzari, Euskal Herri osoko kontsumitzaileei eta ekoizleei. Alegia, 24. Korrikaren leloaren ―Euskara gara― adibide ezin hobea da Errigora".
Are gehiago, AEK-tik gaineratua dutenez, "AEKk eta Errigorak bat egiten dutela printzipioetan: euskararen sustapena eta burujabetza. Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora”. Martxoaren 19tik 29ra (hilaren 25ean igaroko da Usurbildik) egingo den 24. Korrikan Euskal Herri osoan Errigora omentzeko eta hauspotzeko deia egina dute. “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, 24. Korrikaren bitartez, Errigorak euskalduntzean egiten duen ahalegina aintzatesteko era izango da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere”.