Desazkundea hizpide, osteguneko hitzaldian

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 17a

"Desazkundea: Programatua edo Kolapsoa?" hitzaldia programatu dute, ostegun honetarako, otsailaren 19rako 18:00etan Potxoenean.

EHUko Ekonomia irakasle Aitor Marcos (1994, Bermeo) ariko da hizlari lanetan. Saioa Udalbiltzak eta Udalak antolatu dute, euskarazko kultur sorkuntza sustatzea xede duen Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan.

Martxoaren 1ean Sutegin bertan arratsaldeko 18:00etan estreinatuko den “Kolapsoa” antzezlanaren atariko hitzordua izango da. Jon Ander Urrestik iaz Usurbilen egindako egonaldian ondutako sorkuntza lana duzue. Antzezlan horren harira antolatu da baita osteguneko hitzaldia eta horri buruzko azalpenak ere emango dituzte. Urrestirekin batera, Maite Mugerza eta Txubio Fernandez de Jauregi oholtzaratuko dira Usurbilen estreinatu eta gero, Euskal Herrian barrena aurkeztuko den sorkuntza lanean. Sarrerak 3,5 eurotan eskura ditzakezue usurbilkultura.eus plataforman. "Publizitate agentzia honetako hiru kideak edozer saltzeko kapaz dira. Den-dena, baita behar ez duzuna ere. Batik bat, behar ez duzuna. Despistatu, eta bi buruko koilara bat salduko dizute azkarrago bazkalduko duzula esanda. Edo ohe birakari bat, gauero estresa zentrifugatuko dizuna. Edozer. Txakurrentzako katiuskak eta arbolentzako aterkiak. Jendea Arabar Errioxan ardo urdina eskatzera iritsi zen hauen kanpaina baten ondotik. Azken orduko gertaera batek, ordea, hankaz gora jarriko du agentzia. Gauza bakar bat saltzea lortu behar dute: gehiago ez erosteko gogoa".


"Desazkundea egonez gero, beste errealitate batean biziko gara"
Kalifornian irakasle lanetan ibili eta gero, Euskal Herrira itzuli zen Marcos. "Kolapsoa" antzezlaneko
aholkulari izateak galderak sortu dizkio. Horregatik, desazkundearen inguruko hitzaldi bat emango
du otsailaren 19an, 18:00etan Potxoenean, eta usurbildarrak gonbidatu nahi ditu bertara.

Zer azalduko duzu hitzaldian?
Hori erronka bat da. Ez dut jendea aspertu nahi, baina testuinguru asko eman behar dut. Aurkezpena bost zatitan banatu dut. Lehenik, hazkundea eta larrialdi klimatikoaren arteko lotura azalduko dut. Bigarrenik, teknoptimismoaren inguruan hitz egingo dut; hau da, teoria honek dio teknologiek aldaketa sozialik gabe salba gaitzakeela. Datu batzuk diote, teknologia berriekin gure hazkundea igo eta emisioak jaitsi daitezkeela. Nik teoria horren aldeko eta aurkako argudioak emango ditut, baina ni teoria horren kontra nago. Gero, teknoptimismoa alde batera utzita, desazkunde programatuaz hitz egingo dut, ekonomiari mugak jartzen dizkion desazkundea, eta Donuts-aren teoria erabiliko dut gure desazkunde batek izan dezakeen itxura irudikatzeko, modu demokratiko eta planifikatuan egiten bada. Honen ideia da, bizi-baldintza duin batzuk izatea hurrengo belaunaldian baldintza materialak arriskuan jarri gabe. Ondoren, ezkor jarriko naiz, eta nire ustez gertatuko denaz hitz egingo dut, behartutako desazkundea (bankuen porrota, inflazioa...). Eta denbora bal-din badugu, ekofaxismoaren inguruan hitz egin nahi dut. Eta amaitzeko, negazionismo klimatikoaren sailkapen bat egingo dut.

Zeintzuk dira ematen ari den desazkunde horren zergatiak?
Batez ere, baliabide naturalak geroz eta zailagoak direla lortzea. Eta beste bat, ni oso arduratuta nagoena, biodibertsitatearen galera da. Azkeneko 50 urteetan biodibertsitatearen %70 galdu da, eta ez dakigu horrek zer eragin izango duen ekosistemetan. Gure kliman existitzen diren aldaketa ez linealak, adibidez, Itsaso Atlantikoko Iparraldeko korronteak. Lurreko tenperatura 1,5 gradu igotzen bada, fenomeno hori eten daiteke, eta hor ere ez dakigu zer pasa daitekeen.

Desazkundea emateko aukerak daude?
Teknoptimistek diote ez dela desazkunderik emango, aldiz, ekologistek, desazkundea gertatuko dela diote. Ekonomia ekologikoko arlokoek diote ekonomia ezin dela modu infinituan hazi, baliabideak finituak baldin badira.

Zer hausnarketa bultzatu nahi duzu hitzaldiarekin?
Jendeari irakurketa sakonago bat egiteko da. Desazkundeak ez du esan nahi okerrago biziko garenik, beste errealitate material batean biziko garenik baizik. Gainera, antzerkitik kanpo geratu den hori guztia jendeari helarazteko modu bat da ere.

Nola izan da zuk egin duzun azterketa hau antzerkira eramatea?
Niretzat oso zaila izan da. Nik beti artikulu zientifikoak idazten ditut, eta hau eskemak apurtzea izan da. Baita oso lagungarria ere. Nik uste nuen nire gaia kontrolatzen nuela, baina oinarrizko galderak egiten zizkidatenean konturatu nintzen agian ez nuela hain sakonean ezagutzen gaia.