"Kimaketa gaizki egiteak eragina dauka sagar uztan"

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 18a

"Sagastien neguko kimaketa, gaixotasunak eta tratamenduak" saioa antolatu du Alkartasuna kooperatibak otsailaren 20an, 15:00etan Potxoenean. Aitor Etxeandiak bideratuko du. Sagastien aholkularia izateaz gain, udareena ere bada Etxeandia. Hitzordurako izena aurrez eman ahalko da doan, bideotatik: 943 361 114 telefono zenbakian edo alkartasuna.eus web orrialdean. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, kimaketa praktikak inguruko sagastietan egingo dira

Sagastien kimaketa garrantzitsua da sagarrak ateratzerako orduan?
Kimaketa egiten dugunean zuhaitzari estruktura ematen diogu, estruktura bat mantendu edo gida sistema bat mantendu. Gaztea denean gida sistema hori formatu egiten dugu, eta heldu denean, frutifikaziorako laguntza ematen diogu zuhaitzari, argitasuna emanez eta ikusiz airea ondo sartuko dela zuhaitzaren barruan. Horrek, zuhaitza osasuntsuagoa izatea ekarriko du, eta gaixotasun gutxiago izatea.

Argitasunarekin zer esan nahi duzu?
Zuhaitz batean eguzkiaren argia ez bada sartzen barruraino, arazoak sortzen hasten dira. Alde batetik, begiloreak ez dira garatzen, eta ondorioz, begilore gutxiago eta fruta gutxiago izango genituzke. Bestalde, onddoen gaixotasunak ugarituko lirateke. Horregatik, oso garrantzitsua da eguzkiaren argitasuna zuhaitzean sartzea.

Kimaketa bat ez bada ondo egiten, eragina dauka sagarraren uztan?
Bai, eragina dauka. Zuhaitz batean kimaketarik egiten ez baduzu lehenengo urteetan, oso ondo emango du fruta, baina urteak pasata zuhaitzaren barruko aldean ez da begilorerik sortuko, begilore guztiak kanpoko aldean sortuko baitira. Kanpoko aldea frutaz beteko da, baina barruko aldean ez da ezer egongo, eta pixkanaka, adarrak lehortzen hasiko dira barruko aldetik.

Zein gaixotasun da ohikoa sagarrondoetan?
Fitoftora da horietako bat. Onddo bat da, eta zuhaitzen sustraiak izorratu eta kaltetu egiten ditu, eta ondorioz, arbola hil egiten da. Beste gaixotasun bat gorrina, gaztelaniazko 'moteado' deitzen dena, sagarra zikindu egiten du, eta gero salmentarako balioa galtzen du. Sagardo sagarrean ez du hainbeste eragiten, baina jateko sagarrean bai. Azkenaldi  honetan gaixotasun talde berri bat daukagu: udako onddoak. Orain arte ez ziren garrantzitsuak, baina klima aldaketagatik onddo batzuk eragin zuzena dute sagarren usteldurarekin. Onddo horiek hazi dira, eta ikusiko dugu aurrera joango diren ala ez.

Nola tratatu daitezke gaixotasun horiek guztiak?
Alde batetik, kimaketa dugu, eta fitoftoraren kasuan, lurra landu beharko genuke ura zuhaitzen azpian ez gelditzeko. Beste modu bat, tratamendu fungizidak erabiltzea da.

Zergatik bi urtean behin izaten dira onak sagar uztak?
Fenomeno horri alternantzia deitzen diogu, eta faktore ezberdinak daude. Lehenengoa, faktore genetikoa da. Mota batzuk alternantzia asko dute. Kimaketa nola egin den, ongarrien aldetik ondo dauden ala ez, eta faktore nagusia da zenbat sagar ekoiztu duen urte batean. Oso altua denean, zuhaitzaren barruan agindu moduko bat egoten da hurrengo urtean lorerik ez emateko, eta hori da hautsi beharko genukeena. Hori lortzeko fruitu kopurua jaitsi egin behar da. Horretarako bakanketa bat eskuz edo produktuak erabiliz egin beharko genuke.