Haizeagatik abisu horian segiko dugu ostegun arratsaldera arte

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 18a

Abisu horian gara berriz, oraingoan "Pedro" izeneko enegarren ekaitza tarteko, haizeagatik eta hala segiko dugu ostegun arratsaldera arte.

Asteazken honetan, otsailaren 18an, 09:00-20:00 artean, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, haizeguneetan, "hego-mendebaldeko haize-boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Arratsalde amaieran haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du kostaldean, eta indartu egingo da". Haizeguneak ez diren tokietan, bestalde,  "hego-mendebaldeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete". 

Iluntzeko 20:00etan hasita, "mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete Kantauri isurialdeko haizeguneetan, bereziki kostaldean. Bestalde, haizeguneak ez diren tokietan haize-boladak 60-80 kilometro orduko ingurukoak izan daitezke". 

Ostegun arratsaldeko 15:00ak arte segiko dugu haizeagatik abisu horian. Euskalmet-en arabera, "mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete Kantauri isurialdeko haizeguneetan, bereziki kostaldean. Bestalde, haizeguneak ez diren tokietan haize-boladak 70-80 kilometro orduko ingurukoak izan daitezke". 

Giro honekin, asteazken honetan, hilaren 18an, Usurbilen izango ditugu "hodeiak eta ostarteak. Arratsalde-gau partean zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak egingo ditu. Hego-mendebaldeko haize zakarra eguerdi aldera; arratsaldean mendebaldera aldatuko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".

Ostegunean, hliaren 19an, "zerua hodeitsu egongo da eta zaparradak egingo ditu noizbehinka. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Ostiralean, hilaren 20an, "zerua hodeitsu egongo da eta euri txikia egin dezake; arratsaldean hodeiak gutxitu egingo dira eta azken orduetan zerua hodei gutxirekin geratuko da. Egunaren hasieran mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean iparraldekoa. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.