#M17

Herri ordezkaritza, martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egin duten eragileen artean

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 18a

1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata exijitu eta soldata hori hemen erabakitzea aldarrikatzeko greba orokorra deitua du euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian. Deialdiari lotutako manifestua kaleratu eta lehen atxikimenduen zerrenda ezagutarazi dute.

ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.500 eurokoa izateko martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian deitutako greba orokorrarekin bat egiteko unea heldu da. Gogoan izan, greba batzordea osatu da Usurbilen. Hilaren 12an deitu duten lehen bilkura, bigarrena, ostegunean, hilaren 19an, 17:00etan Potxoenean.

Dagoeneko hamaika gizarte mugimenduk eta eragileek atxikimendua adierazi diote deialdiaren harira plazaraturiko manifestuari. 

Bat egin duten eragileen artean bada herri ordezkaritzarik; zehaztua ageri da lehen zerrenda horretan, Xauxar Txozna Batzordea. Badira baita herrian ordezkaritza duten beste zenbait eragile ere; hala nola, Ernai gazte antolakundea edota Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak.

Manifestuarekin jada bat egin dutenek "argi eta garbi diogu: borroka hau irabaztera goaz. Martxoaren 17an dena gelditzeko deialdia egiten dugu. Lan guztiak desnormalizatzera deitzen dugu. Greba egitea ezinezkoa dutenak presente, greba babestera deitzen dugu. Sinetsita gaude borrokak merezi duela eta lortu dezakegula".

Greba orokorraren egunean, " gutxieneko soldata hemen erabaki. Gure bizi-baldintzei, gure soldatei eta gure etorkizunari buruz erabakitzeko burujabetza aldarrikatzen dugu. LGS 1500.
Hobetu ditzagun soldatak aberastasuna banatzeko!".


Manifestua: "Martxoaren 17an greba orokorra. Gutxieneko soldata hemen eta orain"
Ez dira garai errazak langile eta herri sektoreontzat. Egunero darabilgun hiztegian krisi hitza  ageri zaigu. Krisi ekonomikoa, politikoa, soziala, ekologikoa, zaintza lanena. Mundua hankaz gora jarrita du sistema kapitalista patriarkal, ekozida eta arrazistak; joera autoritario eta faxistak hedatuz, gerra inperialistak eraginez, pobrezian eta prekarietatean sakonduz. Aberatsak aberatsago, boterea geroz eta esku gutxiagotan eta langile sektore geroz eta gehiago bazterrean. Emakumeok*, gure sorterria utzi dugun pertsona migratuok, arrazializatuok, aniztasun funtzionala dugunok, gazteok edo sexu-genero disidenteok kapitalaren ofentsibaren jo puntuan gaude.

Euskal Herria ez dago errealitate horretatik salbu. Patronala eta agintari politikoak eskutik helduta doaz, aberastasuna modu justuan banatzeko edozein neurri blokeatzeko asmoz. Horixe da gutxieneko soldatarekin ere gertatzen ari dena. Bertan bizi garenon oinarrizko beharrak asetzeko diru sarrera nahikoa izatea ekidin nahi dute, eta dagoeneko pairatzen ditugun arrakala sozialetan sakondu. Aldarrikapen zilegi, justu eta egingarri bati bide guztiak itxi dizkiete.

Pobrezia eta prekaritatea hedatzen jarraitzen dute, eta horren ondorioek eragina dute gure gorputzetan, osasunean, harreman sozial eta laboraletan eta baita gure eskubideetan ere. Bizi proiektu desiragarriak eta duinak ezinezkoak bilakatzen ari dira geroz eta langile sektore gehiagorentzat.

Baina hemen gaude gu: egunero herri eta auzoetan antolatzen garen hamaika eragile sozial eta herri mugimendu. Etxebizitzaren negozioaren aurka mobilizatu eta etxegabetzeek ekiditeko gure gorputza jartzen dugunak; ikusezin bilakatu nahi duten lana aitortu, balioa eman, aldarrikatu eta gure historiako lehen Greba Feminista Orokorra antolatu genuenak; pentsioak duindu eta, pobrezia atalasearekin baino, LGSarekin parekatzeko borrokan ari garenak; aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideek sustatzeko lanean gabiltzanak; gure lurraldea Harrera Herria izan dadin egunero afariak eskaini, migrazio prozesuak babestu eta pertsona guztien eskubidea guztiak defendatzen ditugunak; hemen batu gara planetaren muga biofisikoak gaindituta daudela jakitun, lurraren defentsan eta trantsizio ekosozial justuaren aldeko militanteak; gure hizkuntza biziberritu dadin eta gure herriaren erabakitzeko eskubidearen alde lanean ari garenak; xamurtasun internazionalista hezurmamitzen dugunak; bestelako mundu bat posible eta beharrezkoa dela aldarrikatzen dugunak.

Forma eta modu desberdinak ditugu. Ez gaude ados hainbat gauzetan, baina guztiok bat egiten dugu oinarrizko ideia batekin: Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izatea bertan lan egiten dugun eta bizi garen pertsona guztientzako onura dakarren aldarrikapena da. Kontsekuenteak izan nahi dugu, eta ez dugu normalizatu nahi Euskal Herrian zaintza sistemak egun duen egitura klasista, arrazista eta patriarkala. Lan harreman justuak sustatu nahi ditugu, baita etxeko lanaren eta zaintza lanaren esparruan ere, zeinetan, askotan, gaur egun dagozkien soldatak ere ez dizkieten ordaintzen eta dagozkienak baino askoz ordu gehiago sartzen dituzten.

Horregatik, gaur hemen bildu garenak eta adierazpen honekin bat egiten dugunok gure konpromisoa adierazi nahi dugu. Herri eta auzoetako Greba Batzordeetan parte hartuko dugu. Greba honen aldeko pedagogia eta politizazio lana egingo dugu, langileei, eta oro har herritarrei, deialdiaren arrazoiak azalduz eta deialdiarekin bat egin dezaten.

Badira Etxe Zurira joan eta milaka herritarren heriotza eragiten duten agintarien morrontzan negozioak egin nahi dituztenak. Badira, haien bulegoetan hartutako erabakiek mina eta sufrimendua eragiten dutela jakinda ere, lotsagorritzen ez direnak. Ondokoa zapaldu, errentetatik bizi, ezberdina dena kriminalizatu eta zapalkuntzak betikotzeko botere politiko, ekonomiko eta sinbolikoa erabiltzen duten pertsonak. Badira horietakoak. Baina ez dira gehiengoa, eta gu ez gara horietarikoak. Gu aurrez aurre izango gaituzten langile eta herri antolatua gara.

Argi eta garbi diogu: borroka hau irabaztera goaz. Martxoaren 17an dena gelditzeko deialdia egiten dugu. Lan guztiak desnormalizatzera deitzen dugu. Greba egitea ezinezkoa dutenak presente, greba babestera deitzen dugu. Sinetsita gaude borrokak merezi duela eta lortu dezakegula.

Martxoaren 17an, gutxieneko soldata hemen erabaki. Gure bizi-baldintzei, gure soldatei eta gure etorkizunari buruz erabakitzeko burujabetza aldarrikatzen dugu. LGS 1500. Hobetu ditzagun soldatak aberastasuna banatzeko!

Lehen atxikimenduak:
Aiaraldeko Greba Batzordea · SOS Aiaraldea · Amara Berri Ehuntzen · Amurrioko Gazte Asanblada · Amurrioko Emakumeon* Sarea – Red de Mujeres* de
Amurrio · Arteako Herriko Benta · Asociación de Empleados y Empleadas de Hogar de Navarra. ATHCA/AEZLE · ATH-ELE · Auzoan Bizi Etxebizitza Sindika-
tua · AZET Etxebizitza Sindikatua · Bakea eta Duintasuna – OMAL · Basauriko Asanblada Feminista · BATUTA Judimendi · Bilbo Palestina Herri Ekimena ·
Colectivo Bachué Elkartea · Congreso de los Pueblos · Denon Bizitzak Erdigunean · Donostiako Harrera Sarea · Eginaren Eginez · Euskal Gune Ekosozialista ·
Euskal Herriko Bilgune Feminista · Euskal Herrian Euskaraz · Euskal Herriko Gazte Feministak · Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea · Euskal Herriko
Pentsiodunen Mugimendua · Ernai · Errotik (Gasteizko ikasle feministak) · Gerrarik EZ Euskal Herria · Gure Esku · Haritu Etxebizitza Sindikatua · Hitz&Hitz
fundazioa · IKAMA · Irungo · Harrera Sarea · Jardun Koordinadora · Jauzi Ekosoziala · Kiskali. Basauriko gazte talde feminista · Koordinadora antimilitarista
Kakitzat · Malen Etxea – Mujeres Migrantes · Mugak Zabalduz · Nafarroako Osasun Publikoaren Aldeko Plataforma · ONEKA – EH Emakume Pentsionisten
Plataforma · Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba · OPA Herri Plataformak · Sagarrak talde ekologista · Saretxe Etxebizitza Sindikatua · Sasoia · Sorginenea · THYC-
NA – Trabajadoras de Hogar y Cuidados de Navarra · Trabajadoras No Domesticadas · Usurbilgo Xauxar txosna batzordea

Manifestuari atxikimendua adierazteko aukera dago, helbide honetan: https://labur.eus/M17Atxikimenduak