Aldez aurretik egin izan duten moduan, iaz, 2025. urtean zehar gure artera bizitzera etorritakoei merezitako ongi etorria emateko ekitaldia antolatu diete Usurbilgo Udalak eta Aniztasun Kontseiluak. Harrera egiteko bilera deitu dute otsailaren 28an, 11:30-13:00 artean udaletxeko udalbatza aretoan. Bileraren helburuak dira, besteren artean, deitzaileen esanetan, "elkar ezagutzea, harreman berriak sortzeko aukerak zabaltzea eta herriko elkarbizitza erraztea".
Bilera ostean, herria sakonago ezagutzeko aukera izango da. Izan ere, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren baitako Usurbil Museo Irekia bisita gidatua egingo da, herri erdiguneko kaleetako kultur sorkuntza eta bide batez, herria bera hobekiago ezagutzea ahalbidetzen duena.
"Aniztasuna ez da mehatxu bat, aberastasuna baizik"
Iaz udalerri honetara bizitzera etorritakoei gutun bana helarazi die Udalak bilera horretara joateko gonbidapenarekin. Urteotan abiarazitako proiektuen berri eman zaie eskutitz horren bidez udalerri honetara bizitzera etorri berriak direnei; "besteak beste, plan estrategikoaren osaketa, Migrazioari maskarak erauzten dokumentala, Mundualdia jaialdiak, Aniztasun Kontseiluaren sorrera, Ongietorri Gida eta Usurbil harrera herri bilakatzeko martxan jarritako etorri berrientzako harrera zerbitzua".
Izan ere, Udalak errolda datuak aintzakotzat hartuta gogora ekarri duenez, "hazi egin da hainbat jatorritako herritar berrien kopurua, eta, ondorioz, jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta, oro har, identitate aniztasunaren kudeaketa erronka handia da Usurbilentzat".
Ideia horixe nabarmendu die alkateak gutun bidez herrikide berriei. “Gure premisa edota abiapuntua argia da: aniztasuna ez da mehatxu bat, aberastasuna baizik. Gaia modu egokian kudeatu eta jatorri aniztasuna kohesio sozialerako elementu izan dadin nahi du udalak, eta asmo horrekin hasi zen garatzen Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen lan-ildoa. “Aniztasuna balio positibo moduan sustatzen duen herri-ikuskera, jatorria edozein dela ere, pertsona guztien aukera berdintasuna bermatu asmo duen udal-jarduna, eta elkar ezagutzan eta aitortzan oinarritutako ekimenak barnebiltzen dituen lan-ildoa da, hain justu”.