Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen biltoki Sutegi

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 19a

Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunen Duintasuna elkartea Sutegin bildu da ostegun goiz honetan, otsailaren 19an; urteko lehen asanblada egiten ari dira kultur-etxeko auditorioan.

Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunen Duintasuna elkartearen erreferentziazko biltoki bilakatu da azken urteotan Usurbil eta bertako Sutegi kultur-etxea. Izan ere, 2022an, 2024an edota iazko apirilean ere gune berean elkartu ziren aipatu bilguneko ordezkariak.

Ostegun goiz honetan, otsailaren 19an, 2026ko urteko lehen bilkura egiten ari dira kultur-etxeko auditorioan bertan. Ohikoa duten moduan, orain arte eginiko bidearen balantzea egin nahiz aurrera begirako erronkak hartuko dituzte ahotan.

Sinadura bilketa
Gipuzkoako txoko askotako jubilatu eta pentsiodunak batu ditu hitzorduak; besteak beste, Bergara, Zarautz, Tolosa, Eibar, Elgoibar, Arrasate, Urretxu-Zumarraga, Hondarribia, Andoain, Donostia, Lasarte-Oria edota Oñatiko ordezkariak elkartu dira Sutegin.

Beste ezer baino lehen, iaz zendutakoak ekarri dituzte gogora. "Haien borroka eta konpromisoa gurekin daude", ekarri dute gogora.

2025eko balantzeari begira, borroka urte gogorra izan dela oroitarazi dute segidan. Mugarri garrantzitsu gisa nabarmendu dute, iaz bideraturiko sinadura bilketa. Gogoan izan, Herri Ekimen Legegile (HEL) bat sustatu nahi izan zuten, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren baitan, "Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko" eta horren baitan, "14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihur zedin". 145.000 atxikimendu baino gehiago bildu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herriz herri eginiko sinadura bilketa kanpainaren baitan; haietatik 48.039 Gipuzkoan eta horietatik 524 Usurbilen.

Deialdiak izandako harrerak argi erakutsi du Duintasunako kideek gaur Sutegin adierazi moduan, ekimen hau aurrera ateratzeko herritarrek agerturiko babesa eta halako neurri bat indarrean jartzeko dagoen benetako beharra. Haien eskaera onartzeko bidean, ordea, "oztopo handiak" izan dituztela gaitzetsi dute. Zenbait alderdi politikoek Herri Ekimen Legegile hori Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko jarritako zailtasunen aurrean, "gure gaitzespen irmoa" adierazi nahi izan dute.

Jarrera horren ondorioz, "euskal pentsiodunak pobreziara kondenatu" eta uko egin diete haien eskumenak erabiltzeari, Duintasunak gaurko asanbladan adierazi duenez.

Halere, gogorarazi dutenez, "ez da hemen amaitzen borroka". Hainbat alorretan eragiten ari baitira eta horretan segi asmo dute; zaintza eta osasun eremuri buruz ari gara. Hala, eskertu eta txalotu nahi izan dute gaurko asanbladan, "zaintza eta osasunaren alde lanean ari zaretenon konpromiso eta lana". Dei egin dute, "zaintza integrala" jorratu eta bermatuko duen sistema publikoa eraikitzen segitzera. Hainbeste urte lanean jardun ostean, bizitzako azken etapa bermedun duintasunez izateko borrokan segitzeko deia egin dute.