EHUko Ekonomia irakasle Aitor Marcos (1994, Bermeo) aritu da hizlari lanetan. Saioa Udalbiltzak eta Udalak antolatu dute, euskarazko kultur sorkuntza sustatzea xede duen Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan. Egitasmo horri esker "Kolapsoa" deituriko antzezlana sortu zuten Usurbilen, eta Marcos izan zuten laguntzaile. Jon Ander Urrestik sortu zuen antzezlana, eta publizitate agentzia baten kolapsoaren ingurukoa da. Martxoaren 1ean estreinatuko da Sutegin. Sarrerak 3,5 eurotan eskura ditzakezue usurbilkultura.eus plataforman.
Hitzaldian antzerkian azaltzen ez diren gauzak esplikatu ditu Marcosek, eta batez ere, gai hauen inguruan aritu da: Hazkundea eta larrialdi klimatikoa; Tekno-optimismoa; Deshazkunde programatua: Donut-aren ekonomia; Behartutako deshazkundea: Kolapsoa; eta Oztopatzaile profesionalak: negazionismo klimatikoa
baino gehiago.
Duela gutxi Aitor Marcosi egindako elkarrizketa jarraian:
Zer azalduko duzu hitzaldian?
Hori erronka bat da. Ez dut jendea aspertu nahi, baina testuinguru asko eman behar dut. Aurkezpena bost zatitan banatu dut. Lehenik, hazkundea eta larrialdi klimatikoaren arteko lotura azalduko dut. Bigarrenik, teknoptimismoaren inguruan hitz egingo dut; hau da, teoria honek dio teknologiek aldaketa sozialik gabe salba gaitzakeela. Datu batzuk diote, teknologia berriekin gure hazkundea igo eta emisioak jaitsi daitezkeela. Nik teoria horren aldeko eta aurkako argudioak emango ditut, baina ni teoria horren kontra nago. Gero, teknoptimismoa alde batera utzita, desazkunde programatuaz hitz egingo dut, ekonomiari mugak jartzen dizkion desazkundea, eta Donuts-aren teoria erabiliko dut gure desazkunde batek izan dezakeen itxura irudikatzeko, modu demokratiko eta planifikatuan egiten bada. Honen ideia da, bizi-baldintza duin batzuk izatea hurrengo belaunaldian baldintza materialak arriskuan jarri gabe. Ondoren, ezkor jarriko naiz, eta nire ustez gertatuko denaz hitz egingo dut, behartutako desazkundea (bankuen porrota, inflazioa...). Eta denbora bal-din badugu, ekofaxismoaren inguruan hitz egin nahi dut. Eta amaitzeko, negazionismo klimatikoaren sailkapen bat egingo dut.
Zeintzuk dira ematen ari den desazkunde horren zergatiak?
Batez ere, baliabide naturalak geroz eta zailagoak direla lortzea. Eta beste bat, ni oso arduratuta nagoena, biodibertsitatearen galera da. Azkeneko 50 urteetan biodibertsitatearen %70 galdu da, eta ez dakigu horrek zer eragin izango duen ekosistemetan. Gure kliman existitzen diren aldaketa ez linealak, adibidez, Itsaso Atlantikoko Iparraldeko korronteak. Lurreko tenperatura 1,5 gradu igotzen bada, fenomeno hori eten daiteke, eta hor ere ez dakigu zer pasa daitekeen.
Desazkundea emateko aukerak daude?
Teknoptimistek diote ez dela desazkunderik emango, aldiz, ekologistek, desazkundea gertatuko dela diote. Ekonomia ekologikoko arlokoek diote ekonomia ezin dela modu infinituan hazi, baliabideak finituak baldin badira.
Zer hausnarketa bultzatu nahi duzu hitzaldiarekin?
Jendeari irakurketa sakonago bat egiteko da. Desazkundeak ez du esan nahi okerrago biziko garenik, beste errealitate material batean biziko garenik baizik. Gainera, antzerkitik kanpo geratu den hori guztia jendeari helarazteko modu bat da ere.
Nola izan da zuk egin duzun azterketa hau antzerkira eramatea?
Niretzat oso zaila izan da. Nik beti artikulu zientifikoak idazten ditut, eta hau eskemak apurtzea izan da. Baita oso lagungarria ere. Nik uste nuen nire gaia kontrolatzen nuela, baina oinarrizko galderak egiten zizkidatenean konturatu nintzen agian ez nuela hain sakonean ezagutzen gaia.