Usurbilgo Udalak zazpi eremutan banatu herriko du ur sarea. Honako hauek dira eremuok: Zubieta, Santuenea, Kalezar, Txikierdi eta Ugaldea, Zumartegi eta Osinalde industriaguneak. “Uraren emaria kontrolatu eta galerak saihesteko” hartu dute aipatu neurria, Udaletik berri eman dutenez. Horretarako, urriaren 13tik urtarrilaren 26ra arte “ur emariaren informazioa erregistratzen duten zazpi gailu jarri dira”. Zortzi ditu egun, izan ere lehendik bat jarria zuen Aginagan. Gailu digitalon bidez, “udalak une oro jakin ahal izango du uraren emaria zenbatekoa den, baita galerarik izatekotan non dauden ere”. Udaletik zehaztu dutenez hain zuzen, “gailuok bertatik banatzen den ur kopuruaren berri ematen diote udalari, digitalki: hala, telefonoz zein ordenagailu baten laguntzarekin une oro jakin daiteke emaria zenbatekoa den. Inbertsio horrek galerak identifikatzea azkartu eta konponketak lehenbailehen bideratzea erraztuko du, sarearen eraginkortasuna bermatu eta udalaren baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea ahalbidetzeaz gainera”.
Lanak Gabirondo Iturgintza enpresari esleitu zizkion Udalak “120.000 euroan, eta Europako funtsen finantzaketa izan du, 62.400 eurokoa”.
Lan gehiago
Neurri hau, ur sarea digitalizatzeko Udalak duela hiru urte hasitako ibilbidearen baitan kokatua dago. Gogora ekarri dutenez, “2023an, inbertsio handia egin zen, 894.125 eurokoa, Andatzatik datorren ura udalerriko etxebizitzen %62ra iristea ahalbidetu zuena”. Iaz, jada, Udalak helarazitako datuen arabera, %75ean hornitu zen Usurbil herriko urarekin, Erroizpeko presa eta iturburuetatik.
Inbertsio horren baitan, hiru lan egin zituzten. “Batetik, San Esteban 1 deposituan filtro berriak jarri ziren, Erroizpeko iturburuetako ura ez ezik presako ura ere baliatu ahal izateko. Bestetik, Erroizpeko iturburuak eta San Esteban 1 depositua lotzen dituen hodia berritu zen. Eta, gainera, telekontrol sistema berria ezarri zen, Europako Batasuneko Next Generation funtsetatik bultzatutako PERTE dirulaguntza baliatuta. Dirulaguntza horren lerro berri bati esker egin da, orain, sarearen digitalizazioan sakontzeko urratsa”.
Usurbilgo inbertsioa eremu zabalagoan kokatu beharra dago; Udalaren esanetan, “Donostialdeko Uraren Zikloaren Digitalizazioaren parte da. Izan ere, Europako funtsak eskuratu eta uraren zikloaren digitalizazioan sakondu ahal izateko, Digurbe elkartea osatu zuten Añarbeko Urak eta Gipuzkoako bederatzi udalerrik, tartean, Usurbilek”.