Euskaratik hizkuntza guztiekin
2026ko otsailaren 21a, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna
Hizkuntza ez da soilik hitz egiteko tresna: mundua ulertzeko modua da. Memoria da, gorputza da, ahotsa da, kultura da, eskubidea da. Ama hizkuntza haurren lehen hitzak dira, ama hizkuntzan pentsatzen dugu, amesten dugu. Ama hizkuntzak sustraitzen gaitu gure jatorrira, ematen digu identitatea, garenaz hitz egiten du. Ama hizkuntza behar dugu eta berak behar gaitu.
Azken hamarkadetan Euskal Herria euskara ez ezik, beste hainbat ama hizkuntzaren bizitoki ere bada. Eta euskara aspaldikoa da, baina ez itxia. Mendeetan zehar sobera demostratu du bere erresilientzia, eraldatzeko, moldatzeko, bizirauteko izan duen gaitasuna. Eta garaiotan kohesiorako hizkuntza da, gainontzekoen aitortzatik eraikitako elkarbizitzaren bideratzaile. Abegitsua da, “gu” hitzean denok dugulako toki bat.
Izan ere, hizkuntza bakoitzak mundu bat dakar. Hizkuntza bat galtzen denean, mundu bat itzaltzen da. Mundua ulertzeko modu bat. Oroitzapenak, ametsak, ahotsak. Ez dugu euskararik nahi beste hizkuntzen gainetik; euskara nahi dugu hizkuntza guztiekin. Beste hizkuntzak nahi ditugu euskararekin. “Gu” hitzean denok dugulako toki bat. Ama hizkuntzak eskubidea dira. Haurren lehen hitzetan, helduen egunerokoan, kalean, eskolan, sarean. Eskubidea da norbere hizkuntzan bizitzea, eta bidezkoa da besteena errespetatzea. Berez ez dago hierarkiarik hizkuntzen artean; bada elkarrizketa, bada elkarbizitza.
Gaur, ama hizkuntza guztiak aitortu eta babestera dei egiten dugu, hizkuntza txikiak ikusezin bihurtzen dituzten egiturak zalantzan jartzera, hizkuntzen arteko elkartasuna eraikitzera. Euskara ez baita salbuespena. Haria da sare batean. Eta sare hori sendoa izango da bakarrik hari guztiak elkarri lotuta badaude.
Hizkuntza bakoitza beharrezkoa delako.
Aniztasuna aberastasuna delako.
Eta etorkizuna elkarrekin eraikitzen delako.
Euskaratik, hizkuntza guztiekin.
Taupa euskaltzaleen mugimendua