Otsaileko azken astean sartu gara jada. Hilabete honi dagokion osoko bilkura egingo du udalbatzak ostegunean, hilaren 26an, arratsaldeko 18:00etan udaletxeko pleno aretoan.
Ohi den moduan, askotariko gaiak hartuko dituzte ahotan. Segidan duzue, Usurbilgo Udalak helarazitako gai-zerrenda. Bi plangintzei lotutako erabakiak hartu asmo ditu udalbatzak; batetik, Usurbilgo Udalaren VII. Plangintzaldirako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana nahiz Udalak aurtengo duen Diruzaintza Plana. Bat zein bestea onartu edo ez erabakitzea bozkatuko dute udal ordezkariek.
Horrez gain, haur eskola zerbitzua partzuergoan integratzeko eskaera izango dute mintzagai ere udal ordezkariek. Azkenik, ate joka dugun martxoaren 8ari lotutako mozioari ere tartea egingo diote.
Zuzenean eta bideo-aktak
Gogoan izan, udaz geroztik egiten ari diren moduan, udalbatzaren osoko bilkura hau ere zuzenean jarraitu ahalko duzue Usurbilgo Udalak Youtuben duen @usurbiludala4589 kanalean. Bertan jasoak geratzen dira zuzeneko emanaldi horiek. Gerora, usurbil.bideoaktak.eus atarian ere ikusi ahalko dituzue saio horren eta datozenen bideo-aktak ere. Izan ere, "kide anitzeko organoen funtzionamendu elektronikoaren ordenantzari eta Udala, gertu misioari jarraiki", osoko bilkuren digitalizazioan urrats berria eman du Usurbilgo Udalak Goienaren laguntzarekin: bideo akten tresna martxan jarri dute. Hala, aurrerantzean, "osoko bilkurako edukiak sailkatuta" ikusi ahalko dira, "puntuka eta bakoitzean parte hartzen duten hizlariak zehaztuta, eta, horrekin batera, lau hizkuntzatan azpititulatuta", aipatu usurbil.bideoaktak.eus atarian.
Udalbatzaren osoko bilkura
Eguna: otsailak 26, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udalaren udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- 2026ko urtarrilaren 29ko bilkurako akta onartzea.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2026ko urtarrilaren 19tik otsailaren 13ra (2026/88-2026/289).
3.- 2026 ekitaldirako Usurbilgo Udalaren Diruzaintza Plana onartzea (2026UPLA0003).
4.- Usurbilgo Udalaren VII. Plangintzaldirako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartzea (2023-2027) (2026UPLA0002).
5.- Usurbilgo Udalak 0-2 Usurbilgo haur eskolako zerbitzua Haurreskolak Partzuergoan integratzeko eskaera onartzea (2026IDOR0004).
6.- Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna (2026IMOZ0002).
7.- Eskaerak eta galderak.